Kolore desberdinekin, baina dominen jabe
Izan Euskal Selekzioaren, izan Espainiaren koloreak defendatuz, Lea-Artibai eta Mutrikuko pilotariak maila itzelean aritu dira Pilota Nazioen Ligan. Aritz Erkiagak eta Eñaut Urreistik gizonezkoen bakarkako zesta-punta finala irabazi dute; Erika Mugartegik eta Arai Lejardik, emakumekoen bakarkako zesta-puntakoa.
Argazkia: Pilota Nazioen Liga. Bilbok 2030ean Munduko Pilota Txapelketa hartuko du, eta lehia handi horren estreinako urratsa azaro amaieran egin dute: Pilota Nazioen Liga. Euskal Herrian jokatu duten txapelketa sailkapen torneoa izan da datorren urtean San Luisen (Argentina) jokatuko duten Munduko Txapelketarako. Hilaren 23tik 30era bitartean lehiatu dute, Bilboko Bizkaia eta Barakaldoko Barakaldes frontoietan. Hainbat pilota kategoria zein modalitate lehiatu dituzte 36 metroko kantxetan, eta horietako batzuetan protagonista izan da etxeko taldea: Euskal Selekzioa. Ikusleek babes handia eman diote lehiaketari, eta pilotalekuetako harmailak bete dituzte jardunaldiz jardunaldi.
Euskal Selekzioaz gain, Espainia, Frantzia, Mexiko, Txile, Ameriketako Estatu Batuak, Argentina, Kuba, Bolivia eta Portugalgo pilotariek parte hartu dute txapelketan. Lehiaketa ofizialetan txapel gehien lortu dituen selekzioa, hiru garaipenegaz, Espainia izan da. Hark irabazi du, horrenbestez, Pilota Nazioen Liga. Selekzioak zortzi finaletara iristea lortu du, erregulartasunaren sari eta maila handiaren isla. Hain zuzen ere, larruzko paleta modalitatean ez ezik, gainontzeko final orotan aritu dira selekziokideak, eta urrezko dominak lortu dituzte gizonezkoen eskuz banakako finalean, emakumezkoen eskuz banakakoan zein binakakoan eta gizonezkoen zesta-puntakoan.

Argazkia: Pilota Nazioen Liga.
Enara Gamindek emakumezkoen eskuz banakakoa maisuki irabazi zuen, baina, garaipen handia ospatzeko tarterik gabe, laukiztarrak berriro kantxara bidea egin behar izan zuen, Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarragaz binakako finala jokatzeko. Partidu bi, garaipen bi. Gamindek, giharren tonuari eusteko, alde fisikotik gogotik sufritu zuen, baina Arrizabalagak laguntza handia eman zion, espainiar taldeko Goiuri Zabaletaren eta Andrea Capellanen kontra. 3 eta 6ko lehen aldeak markatu zituen Espainiak, etxekoen iraultza iritsi arte. Gamindek sentsazio hobeak berreskuratu bitartean, Arrizabalagak aginpidea berreskuratu zuen. Tantoz tanto, set biak poltsikoratu zituzten: 10 eta 8, lehena; 10 eta 1eko markagailu zapaltzaileagaz, bigarrena.

Argazkia: Pilota Nazioen Liga.
Gizonezkoen bakarkako zesta-punta finala ere ez da behin-behinean ahaztuko. Euskal Selekzioko kide Aritz Erkiaga ispastertarrak —Eñaut Urreisti mutrikuarra ordezko moduan egon zen— 2 eta 0 menpean hartu zuen Frantziarekin jokatu zuen Jean Dominique Olharan pauetarra. Erkiagak, ligaxka fasean, lehia estua eduki zuen Olharan garaitzeko, baina finalean nagusitasun osoz ezarri zuen bere legea. 15 eta 6koagaz irabazi zuen lehen seta; 15 eta 10ekoagaz, berriz, bigarrena.
Emakumezkoen artean, Erika Mugartegi markina-xemeindarrak, Espainiako selekzioaren koloreak defendatuz, garaipen eroso samarra lortu zuen Ihart Arakistain Euskal Selekzioko partaide sopeloztarraren aurkako finalean. Arakistain gogotik saiatu zen, baina Mugartegik 15 eta 12 irabazi zion lehen seta; markina-xemeindarraren boterea are agerikoagoa izan zen bigarrenean, 15 eta 6 irabazita. Halaber, Elaia Gogenola berriatuarrak ere Nazioen Ligan parte hartu zuen, Euskal Selekzioagaz. Urreistik bezalaxe, hark ere zegokion domina jantzi zuen. Espainiaren aldetik, Arai Lejardi markina-xemeindarra aritu zen ordezko.