Lea-Artibaiko I. Osasun Biltzarraren balorazio positiboa egin dute
Zortzi hizlarik parte hartu dute lehenengo biltzarrean, eta osasunaren ikuspegi desberdinak jorratu dituzte. Antolatzaileak pozik agertu dira edukitako erantzunagaz, eta aurrerantzean antolatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute.
Jone Maguregi eta Alex Arrate, lehenengo jardunaldian.Garazi Zarrabe Lea-Artibaiko Berrikuntza Guneak hartu du azken bi zapatuetan Lea-Artibaiko I. Osasun Biltzarra, Alex Arratek antolatuta eta Leartibai Fundazioaren babesarekin. Ekimenak, antolatzailearen hitzetan, “balantze positiboa” utzi du: “Bertaratutakoek asko ikasi dutela eta gustura egon direla esan digute”.
Biltzarraren helburu nagusietako bat eskualdeko osasun arloko ekintzaileei ikusgarritasuna ematea izan da, eta baita herritarrei informazio praktikoa eskaintzea ere. Gainera, Arratek azaldu du ekintzaile berriei bidea erraztu nahi dietela, eta genero berdintasuna nahiz euskararen presentzia zaindu dituztela egitasmoan.
Lehen jardunaldian mugimenduaren garrantzia, indar-entrenamenduaren mitoak, zoru pelbikoaren osasuna eta entrenamenduari lotutako beldur ohikoak izan ziren hizpide nagusiak; bigarrenean, berriz, osasun mentala, gorputzaren funtzionamenduaren konplexutasuna eta lanketa pertsonalerako tresnak jarri zituzten erdigunean. Hizlari guztiek 30 minutuko saioak eskaini zituzten, eta publikoak galderak egiteko aukera izan zuen amaieran, “hizketaldi aberasgarriak sortuz”, Arratek nabarmendu duenez.
Parte-hartzea ere egonkorra izan da: momentu lasaienetan hamabi lagun inguru bildu ziren, eta jendetsuenetan 25 inguru. “Eskualdean halako ekimenik inoiz egin ez bada ere, harrera beroa jaso du”, azaldu du antolatzaileak. Balorazio ona ikusita, etorkizunerako nahia argia da: “Gure proposamenarekin bat datozen eskualde mailako ekintzaileak badaude, hurrengo urteetan ere hemen izango gara”.

Iker Ajuria eta Alex Arrate, bigarren jardunaldian.Garazi Zarrabe