Ondarroako Udalak eta Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteak hitzarmena sinatu dute
Neguan hondartzako aldagela egokitua erabiltzeko hitzarmena sinatu zuten azaroaren 25ean udalak eta Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteak.
Urtza Alkorta alkatea eta Ismael Ituarte Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteko kidea hitzarmena sinatzen. Ondarroako Udala. Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteak eta Ondarroako Udalak hitzarmena sinatu zuten azaroaren 25ean, udako denboralditik kanpo Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteko kideek Arrigorri hondartzan udalak daukan aldagela egokitua erabili ahal izateko. Hitzarmena Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak eta Ismael Ituarte Etxebarria elkarteko kideak sinatu dute. “Eskilantxarriko kide askok erabiltzen dute hondartza neguan, batez ere ur jardueretarako. Ikusita aldagela egokituak uda sasoitik kanpo ez duela erabilerarik, egokia ikusi dugu espazio hau elkarteari lagatzea”, azaldu du Ibon Bergara Etxearte kirol zinegotziak.
Ondarroako Udaletik adierazi dutenez, urriaren 16tik maiatzaren 16ra izango dute elkarteko kideek aldagela erabiltzeko aukera, baita ere, materiala gordetzekoa. “Maiatzaren 16tik urriaren 16ra aurreko hilabeteetan gordetako materiala espazio honetatik atera beharko da. Izan ere, tarte horretan aniztasun funtzionala daukaten herritarrek erabiltzeko aldagela izango da, euren beharrizanetara egokitua, orain arte moduan. Hitzarmenaren iraupena urterokoa izango da”, azpimarratu du Ondarroako Udalak.
Bergarak azaldu duenez, duela urte batzuk 100 erabiltzaile baino gehiagok erabiltzen zuen aldagela egokituko giltza; besteak beste, igerilariek, surflariek eta bodyboardlariek. “Espazioaren kudeaketa inorena ez zenez erabilera ez zen egokia izan. Gainera, baimenik ez zuen geroz eta jende gehiago ere hasi zen aldagela erabiltzen. Hasieran ondo joan zen dena, baina denbora igaro ahala kontrolik gabe eta baimenik gabe erabiltzen zuen jende askok, eta hori ikusita, esan genien talde baten esku lagako genuela espazioa, herriko gainontzeko udal azpiegiturak bezala, arduradun jakin batzuekin”. Zinegotziak azpimarratu bezala, erabilera “txarraren” ondorioz, espazioa erabiltzeko gogoa zeukaten herritarrek ez zuten aldagela “baldintza egokietan” topatzen: “Kudeaketa talde baten esku utzita uste dugu hobeto joango dela dena”.
Hala, Ondarroako Udala eta Eskilantxarri Ur Kirol Elkartea adostasunera iritsi dira, eta uda sasoitik kanpo elkarteak kudeatuko du espazioa; hau da, bertako bazkide direnek erabili ahal izango dute dutxa eta aldagela: “Taldearen esku geratu da orain kudeaketa, eta udaletik oso eskertuta gaude”.