Otsailaren 14an izango da Markina-Xemeingo Landare Azoka
Postua ipintzeko eskaerak abenduaren 12ra arte egin daitezke.
Lore eta landareen zaleak direnek gustura hartzen dute urtero Markina-Xemeinen egiten den Landare Azoka. Markina-Xemeingo Udala eta Lea-Artibai Landa Garapena Elkartea hasi dira hurrengo azokaren prestaketa lanetan, eta jakitera eman dutenez, otsailaren 14an egingo dute.
Ohi bezala, helburua lehen sektoreari ikusgarritasuna eman eta bertoko ekoizleei bultzada ematea da. Hala, mota guztietako lore, zuhaixka eta bertoko eta baserriko produktuen erakusketa eta salmenta egongo dira, guztira 20 postutan banatuta.
Landare mintegi edo haztegiek edukiko dute lehentasuna postuak esleitzerako orduan, eta abenduaren 12ra arte egongo da zabalik postua jartzeko eskaerak aurkezteko epea. Eskaera orria eta dokumentazioa aurkeztu beharko dira Lea-Artibai Landa Garapena Elkartearen bulegoan (Xemein etorbidea 12 A, Markina-Xemein) edo imendizabal@leartibaifundazioa.eus helbide elektronikora idatziz.
Informazio gehiago, eskaera orriak eta oinarriak Lea-Artibai Landa Garapena Elkartean web orrian argitaratu dituzte.