Independentzia egunean batuko dira Ondarroan
Ondarroako Ernaik Independentziara egunekin bat egin eta, "komunitatea bildu" asmoz, biharko egitaraua prestatu du.
Bigarrenez ospatuko dira Independentziara egunak Hego Euskal Herriko 76 herri eta auzotan, independentziaren aldeko aldarriak zabaldu, kezkak partekatu eta elkar ezagutzeko espazioak sortzeko helburuagaz. Ondarroa da Independentziara egunekin bat egin duen udalerrietako bat, eta Ernai Ondarroatik biharko [abenduak 5] egitaraua atondu dute. “Gure komunitatea bildu eta independentziaren aldarriak erdigunea hartzea da helburua”, adierazi dute deitzaileek.
Egitasmoa tokian toki egon daitezkeen “behar eta kasuistika desberdinei” egokituko den egitasmoa dela zehaztu dute antolatzaileek, herri eta auzo bakoitzak bere beharrei egokitutako egitarau eta planteamendua plazaratuko baititu.
Biharko egunari dagokionez, arratsalderako egitaraua prestatu dute Ondarroan, 18:30etatik aurrera gauzatuko dutena: “Eskaintza politikoa eta aisialdia uztartzen dituen espazioa izanda, lehenengo, zubi zaharrean batuko gara agerraldi itxurako ekimen bat eginez”, nabarmendu dute. Bertan, egunaren helburuak kokatzeaz gain, abenduaren 20an Ernaik Bilbon egingo duen mobilizazioaren nondik norakoak ere jorratuko dituzte, Ekinez egina, gazteok independentzia lelopean.
Agerraliaren ostean, karropotean batuko dira ondarrutarrak. Latxanbre plazatik aterako dira, eta alde zaharrean zehar dantza eta kantuan ibiliko direla aurreratu dute. Eguna amaitzeko, ostera, gaztetxean batuko dira, Topa askatasunera! deitu duten ekimenean: “Mojitoak, janaria, mikro irekia eta jolasak egingo ditugu bertan”. Hala, Ondarroako gazte independentistek independentzia egunera gonbidatu dituzte herritarrak, “Ernairen proiektu politikora gerturatu, eta denen artean nolako Euskal Herria nahi duten hausnartzeko”.
“Alternatiba bakarra”.
Ernaitik adierazi dutenez, gaur egun “hainbat dira gure gorputzak goitik behera zeharkatzen dituzten gatazkak, eta Euskal Herria ez dago salbu”. Azken urteetan Euskal Herriaren, euskaren eta euskal ikurren kontrako erasoak eman direla salatu dute, “olatu atzerakoi eta erreakzionarioak goranzko joeran” daudela nabarmenduta: “Egoera horren aurrean, Euskal Herriaren independentzia eskuratu, eta honen bitartez jendarte berri bati bide ematearen ortzi-muga da une honetan geratzen zaigun alternatiba bakarra”.