Udazkeneko Agenda, erakargarria bezain anitza
Barikuan [abenduak 5] Miren Amurizak ‘Pleibak’ aurkeztuko du Irakurketa Txokoan, ekintzaz beteriko abenduko lehen ekimenean.
Munitibar ekintzaz beteko da abenduan. Udazkeneko Agendan hamaika ekintza antolatu ditu elkarlanean herriko udalak eta Txopitturri guraso elkarteak. Gabonak gainera data bereziak izaten dira, baina Mutibarren ez dira udazken amaierara mugatzen ekimenak. Aurreratu ahal izan dutenez, laster aterako dute Neguko Agenda Gabonetako egiataru guztiarekin.
Orain dela urte batzuk hasi ziren agenda bateratuak ateratzen: udazkenean, neguan eta udaberrian. Herriko eragile edo elkarte desberdinek antolatzen dituzten ekintzak bateratzeko asmoagaz. “Herritarrek herrian dauden ekintza guztiak modu ordenatu eta argi batetan izan ditzaten. Gainera gure arteko elkarlana bultzatzeko eta indartzeko modu egokia dela iruditzen zaigu, komunikazioa hobetuz”, esan dute.
Egitaraua “denetarikoa eta herritar guztientzako erakargarria” izatea bilatzen dute. Gustu eta interes desberdinetako ekintzak uztartzea dute helburu: umeentzako ekintzak, pilota txapelketak, erreibindikaziorako tarteak… “Lehenengo barne bileretan adosten dira ekintzok eta gero amankomunean jartzen ditugu denon artean, egunak ez gainjartzeko eta ekintzak ere askotarikoak izan daitezen”.
Agenda ekintzez bete dute beste behin eta herritarrak “gogoz” egoten dira zer antolatzen duten ikusteko. “Jendeak parte hartzen du ekintzetan, gainera anitzak izaten dira partehartzaileak ere eta hau oso positiboa da denontzako. Herritarron arteko sareak eta harremanak sendotzen baitira eta hartu eman osasuntsuak sortu horrek dakarren alde on guztiekin”.
Eskaintza zabala
Barikuan [abenduak 5] emango diote hasiera abenduko egitarauari. 19:00etatik aurrera, udal aretoan, Miren Amurizaren Pleibak liburua izango dute hizpide Irakurketa Txokoan. Amuriza bertan izango da. Hurrengo barikuan [abenduak 12], Garikoitz Goikoetxea izango da Esnatu ala hil liburua aurkeztuko duena. Literaturagaz jarraitzeko, abenduaren 12tik 14ra Liburu Azoka egingo dute liburutegian. Bere betiko ordutegian, Durangoko Azokan egoten diren ale batzuk ekartzen dituzte herrira.
Domekan [abenduak 7] Munitibarrek Lea Ibarra eskualdeko 28. Briska Txapelketa hartuko du domekan. Amankomunazgoak antolatuta, izen ematea 16:00etatik 17:00etara egin beharko da udaletxean, 15 euro ordaindu behar dira hirukoteko. Jarraian emango diote hasiera lehiaketari. Txapeldunek 315 euro eta garaikurra irabaziko dituzte, bigarrenek 180 euro eta garaikurra, hirugarrenek 135 euro eta garaikurra eta laugarrenek 75 euro eta txanpaina.
[IKUSI UDAZKENEKO AGENDA OSORIK]
Abenduaren 19an, frontoiak Binakako B Serie Txapelketako bosgarren jardunaldiko partida hartuko du. Nor baino nor gehiago ariko dira Dario Gomez eta Carmelo Loza Unai Amiano eta Josu Eskirozen aurka. Sarrerak dagoeneko salgai daude 5 eurotan entradasfronton.com webgunean.
Hori gutxi ez, eta abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingik herriko kaleak hartuko ditu. Aurretik, abenduaren 14an beraien etxolara irteera egingo dute: 10:00etan aterako dira plazatik. Abenduaren 22rako bi ekintza antolatu dituzte. Batetik, gaztainerrea, plazan, 11:30ean, eta bestetik, zinema, 18:00etan, auditorioan. Abenduaren 26tik urtarrilaren 3ra jokatuko dute II. Lacturale pilota txapelketa. Horrez gain, udaletik gogoratu dute urte hasieragaz batera, urtarrilaren 23tik otsailaren 1era, San Bizente jaiak ospatuko dituztela.
Laguntzeko deia
Txopitturri guraso elkartetik kide laguntzailea egiteko deia egin dute. Urteko kuota norbanakoentzako 10 eurokoa da eta familientzat 20 eurokoa. Familia moduan kontuan hartzen dituzte seme-alabarik gabeko familiak edo adin txikiko seme-alabak dituztenak. Kide laguntzailea izateko inprimakia bete behar da eta guraso elkartetik jarriko dira harremanetan.
Guraso elkarteak antolatzen dituen ekintzetarako kideen prezio eta baldintzak izango dituzte laguntzaileek; ikastaro, irteera zein bazkarietan. Betebehar bakarra da ekimenetan parte hartzea eta gutxienez urtean bi txanda egitea. Gogoratu dute laguntzaileek hauteskundeetan ez duela bozkarik izango eta ezingo dela hautagaia izan. Horrez gain, edozein proposamen egin nahi izatekotan, txopitturri@gmail.com posta elektronikoaren bidez harremanetan jartzea eskatu dute.