Giro "ederra" sortu da Amorotoko 'Abenduan, on egin!' gastronomia azokan
'Abenduan, on egin!' gastronomia azoka ospazen dabiltza gaurkoan Amoroton. Bertoko produktuez gain, artisauen azoka ere egon da udalerriko frontoian.
Herriko frontoian batu dira gaur amorotarrak, Abenduan, on egin! gastronomia azokagaz urteko azkenengo hilabeteari ongietorria emateko asmoz. Urtero legez, Amorotoko Kultura Elkarteak antolatu du ekimena, udalaren babesagaz, eta eguerditik aurrera neguko bertoko gastronomia dastatzeko aukera egongo da, txerri pintxoekin batea. Horrez gain, inguruko artisauek ere postuak jarri dituzte.
Eguerdirako jendetza batu da Amorotoko frontoian, eta Iker Allurren trikiti eskolako ikasleek giro “ederra” jarri dute azokan. Gainera, bertaratuek, denetarik dastatzeko aukera izan dute: “Gabonetako jaki tradizionalak dira denak, eta urtero bezala, aurten ere herritarrek prestatu dute dena: Odolostea, txistorra, salda, karakolak saltsan, arroz esnea, intxaur saltsa eta sagar saltsa, herriko sagardoa, putxerada Balmaserako erara eta taloa”. Taloa, gainera, egunean bertan egiten dute amorotarrek, eta antolatzaileek azaldu dutenez, momentuan bertan ere, taloaren masari forma ematen egoten dira herritarrak. Janariaz gain, edaria erosteko barra ere egon da.
14:00etan ilara luzea egin da frontoiko ezkerreko paretan; izan ere, gaurko protagonista dastatzeko momentua iritsi zaie amorotarrei: Burduntzian erretako Amorotoko txerria.

Aipatutakoa gutxi ez, eta inguruko artisauek postuak jarri dituzte frontoian. “Iaz hasi ginen bizpahiru posturekin, eta aurten apur bat gehiagorekin errepikatzea erabaki dugu. Euskal pastela, ogia, konbutxak, makilak, eskulan batzuk, poltsak eta beste zenbait produktu jarri dituzte inguruko artisauek”. Artisau gehienak, gainera, iazko berdinak izan dira. Horrez gain, Amorotoko Eskolako ikasleek Gabonetako otzararen zozketako txartelak jarri dituzte salgai.