Durangoko Azokan dauden sortzaileen artean gutxiengoa dira sorkuntza bizibide dutenak
Gerediaga elkarteak eskatuta, Durangoko Azokaren parte diren sortzaileak, eragileak eta bisitariak aztertu ditu Siadecok. Iaz egin zituzten inkestak eta aurten aurkeztu dituzte emaitzak, eta ikerketak berretsi egiten du Durangoko Azokak euskarazko kultur sorkuntza bultzatzeko duen garrantzia.
Durangoko Azokak Landako gunea bete du.Durangoko Azoka Durangoko Azoka euskarazko sorkuntza eta zaletasuna hauspotzeko “oso garrantzitsua” da, eta “handia” da kulturgintzari ematen dion ikusgarritasuna. Ondorioak argiak dira. Gerediaga elkarteak eskatuta, urtebeteko jardun eta datuen analisi sakonaren ostean, Durangoko Azokak euskarazko kultur sorkuntza bultzatzeko duen garrantzia berretsi du Siadecoren ikerketak. Ondorioztatu dute Durangoko Azokako bisitari ia-ia guztiak euskaldunak (%92), zehazki— direla, bataz beste 45 urte baino gutxiago dituztela, nagusiki emakumezkoak direla (%58,1), gehien-gehienek lagunekin egin dutela azokarako bisita (%80 baino gehiagok), eta kulturzaleak ere badirela: urtean gutxienez hiruzpalau liburu erosten dituzte bisitarien %30,6k eta liburu bat edo bi %25,3k. Sortzaileeri erreparatuta, baina, gutxiengoa dira kultur ekoizpena ogibide bakartzat dutenak (%20) .
Ikerketak %3,54ko akats tartea eta %95,5eko konfiantza tartea dauka, eta hiru xede aztertu ditu: sortaileen esparrua, kulturgintzako industriaren eragileena eta kulturzale edo bisitariena.
Hala, ondorioztatu dute, Durangoko Azoka urteroko jazoera kultural garrantzitsua dela bisitari gehienentzat, kulturzaleen ia %90ak behin baino gehiagotan bisitatu baitu: “Durangoko kulturaren plaza oso garrantzitsua da hiru xede-taldeenzat: sortzaileen %86rentzat oso edo nahiko garrantzitsua da egitasmoa, eragileen %87k ontzat jo dute, eta bisitarien %97k oso ontzat”.
Horien profilari dagokionez, euskalduna, kulturazalea eta genero aldetik anitza da, eta bisitarien bi heren 45 urtez azpikoak dira. Genero arloan, emakumezkoak dira bisitarien gehiengoa, baina horien partaidetza bereziki handiagoa da bisitari gazteen artean, non proportzioa %65era iritsen den.
Datu horiek jasotzeko 16 urtetik gorako 800 kulturzaleren ikuspuntua aztertu dute ikerlariek, eta horiek azokara joateko duten arrazoi nagusia (%65) euskarazko produktuak erosiz euskaraz sortutako kulturgintza hauspotzea dela ondorioztatu dute. Gainera, azokara doazen kulturazale edo bisitarien %92 euskal hiztunak direla gehitu dute, baina bisitarien erdiak darabil euskara, batik bat, bere ohiko bizitzan.

Eider Rodriguezen aurkezpena Durangoko Azokan.Durangoko Azoka
Kultur birika.
Egitasmoaren dimentsioak kultur-birika bihurtzen du azoka, bai eragileentzat bai sortzaileentzat. Ikerketak, hain zuzen ere, 129 sortzaileren iritzia jaso zuen, eta nabarmendu du gutxiengoa direla (%20) kultur ekoizpena ogibide bakar dutenak. Zehatz esateko, %12 dira sorkuntza lanetik bizi direnak, “betiere ziurgabetasun handiarekin”.
Ondorioz, datuek erakusten dute sortzaileen prekarietate maila “beste sektore industrial batzuetan baino dezente handiagoa” dela; izan ere, aztertutako sortzaileen %5i ditu sarreren %20 baino gutxiago datorkie sormen lanetik. Eta, hori kontuan izanda, azpimarratzekoa da horien %90ak garrantzia handia aitortzea azokari euren jardunean, “batik bat ikusgarritasuna” ematen dielako.
Bestalde, industria osoaren %71k Durangoko Azoka bere kultur produktuen sustapena eta sortzaileen promozioa egiteko baliatzen duela baieztatu du Siadecoren ikerketak. “Deigarria da, ordea, sustapen lan hori Durangoko Azokaren ondorengo salmentetan ere antzematen dela partaideen %46ren aburuz. Izan ere, Durangon izandako bisitarien %69k azoka ondorengo egunetan ere kulturgintzan kontsumitzeko asmoa berretsi du”, azaldu dute. Beraz, uste dute azpimarratzekoa dela Durangoko Azokak duen eragina ez dela azoka egunetara mugatzen; hau da, kontsumo-palanka gisara ere eragiten du.
Azken 3 urtetako salmenta bilakaerari dagokionez, galdekatutako eragileen %26k igo egin dela azaldu dute; jaitsi egin dela %25ek; eta berdin mantendu dela %21ek. Datuak aztertuta, azoka fidagarritasun ekonomikoa duen ekimena dela ondorioztatu daiteke, ia erdientzat sarrerak mantendu edo igo egin direlako.
Dimentsio horiek aztertuta, “hobetzeko esparru batzuk” ere antzeman daitezkeela ondorioztatu dute, partaide handien eta txikien arteko desoreka, kasurako. Logistika hobetzeko beharra ere islatu den arren, eragileen %97k balorazio positiboa egiten dute antolakuntzari buruz.