Ikusmen osasuntsuaren alde
Ateak ireki berri ditu Itziar Optika eta Optometria zentroak Markina-Xemeinen, eta urriaz geroztik, ikusmenaren funtzio guztiak aztertu eta terapia espezializatuak eskaintzen dabiltza Itziar Azpeitia eta Ainhoa Torrontegi.
Mundua argiago ikusteko leiho berri bat sortu da Markina-Xemeinen. Urtebete eskas igaro da Itziar Azpeitia Urdanpileta markina-xemeindarra proiektu berri batekin amesten hasi zenetik, eta orain, Ainhoa Torrontegi Sanz alboan duela, Itziar Optika eta Optometria zentroa errealitate bihurtu dute. Optika soil bat izatetik haratago, ikusmenaren zaintzan espezializatutako zentroa da.
Urrian zabaldu zituzten ateak, eta ordutik lanean dihardute ikusmenaren funtzioaren balorazio sakona eta arreta espezializatua eskainiz. Izan ere, begien funtzio bisual guztien egoera aztertzen dute Azpeitiak eta Torrontegik, eta besteren artean, ikusmen terapia eta begi lehorrean bereizten dira: “Pertsona batek ondo ikusi dezake, baina baliteke begiaren funtzio guztiak ondo ez edukitzea, esaterako, begien arteko koordinazioa eta begiaren mugimendua. Hori landu egin daiteke zenbait ariketa eginez”. Era berean, begi alferra, estrabismo kasuak, enfokatzeko zailtasunak nahiz beste hamaika arazo tratatzen dituzte, eta tailer zerbitzua ere badute.
Ume, gazte, heldu nahi nagusien optometria lantzen dute Itziar Optikan, eta ikusmenaren osasunari beharrezko garrantzia emateko deia egin dute: “Optikak komertzioak baino ez direla uste dugu askotan, eta osasun zentroak direla ahazten dugu. Askok, gainera, ondo ikusten dutenez, ez dute azterketarik egiten, eta ondo ikusteak ez du bermatzen ikusmena ondo edukitzea. Guk, ikusmenarekin edo begiarekin zerikusia duen edozein azterketa egin dezakegu, eta beharrezkoa bada, beste espezialista batengana bideratzen dugu”.
Hitzordurik gabe ere artatzen duten arren, pertsona bakoitzaren kasua hurbiletik aztertu eta arreta pertsonalizatua emateko asmoz, telefonoz (654 97 09 35), itziaroptika.eus webgunean nahiz emailez itziaropt@gmail.com hitzordua hartzeko aukera eskaintzen dute. Bertaratu nahi izanez gero, ostera, astelehenetik barikura 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:30era daude martxan (martitzenetan 10:00etatik aurrera), eta zapatuetan, 10:00etatik 13:00etara, Markina-Xemeingo Erdiko Kaleko 15. zenbakian.