Goitia eta Lekerika: zergatik ez amestu?
Alex Goitiak eta Unai Lekerikak 2 eta 0 irabazi diete Ludovic Ladutxeri eta Jon 'Bullet' Zabalari. Garaileak finalaurrekoen ligaxkara sailkatu dira, Johan eta Gorka Sorozabal anaiekin batera. Galtzaileak eta Aritz Erkiaga nahiz Ion Ibarluzea, ostera, kanpoan dira.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Alex Goitia markina-xemeindarra eta Unai Lekerika gernika-lumotarra, batetik, eta Johan eta Gorka Sorozabal anaia miarriztarrak, bestetik, Eusko Label Winter Seriesen finalaurreko ligaxkan egongo dira. Ez, ostera, azken bi ekitaldietako garaile Aritz Erkiaga ispastertarra eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarra, ezta iaz finalera iritsitako Ludovic Ladutxe getariarra eta lehiaketaren lehen ekitaldia irabazitako Jon Bullet Zabala markina-xemeindarra ere.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Atzo [abenduak 8] jokatu zuten txapelketaren zazpigarren jardunaldia, A multzoari zegokiona, eta protagonista argi bi eduki zituen: Goitia eta Lekerika. Lehia hastean, denen ahotan zegoen bikote horren sendotasuna, baina garaipenaren borroka bete-betean egotea ia ezustekotzat zuten askok. Hori hala ez dela egiaztatu zuten zestazaleek atzokoan, 2 eta 0 menpean hartu baitzituzten Ladutxe eta Zabala. Horrenbestez, etxeko atzelariak eta aurrelari lea-artibaitarrak kontuan hartzeko bezainbesteko bikotea osatzen dutela frogatu zuten, baita beraien helburua argi askoa dela ere: final handian txapelketa irabazteko bermeekin egotea.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Lehendabiziko setean, Ladutxe eta Zabala izan ziren jokoaren gidalerroen ugazaba; beraiek markatu zuten partiduaren noranzkoa, material aldaketara arte. Hori bai, Goitiak eta Lekerikak kontrako egoeren aurrean hotz mantentzeko eta beraien aukerei eusteko gaitasuna erakutsi zuten uneoro. Hain zuzen ere, markagailuak lehenengoen alde 8 eta 11koa islatzen zuenean, hura iraultzeko gai izan ziren markina-xemeindarra eta gernika-lumotarra. Alde horretatik, pilota aldaketa beren alde baliatu zuten, lehen seta 15 eta 12koagaz poltsikoratzeko.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarrena are parekatuagoa izan zen: hamahiru aldiz berdintzera iritsi ziren. Bikote bien arteko norgehiagoka etenik gabekoa izan zen; maila handiko tantoak eta hutsegiteak txandakatu zituzten, hamaulauna berdintzera iritsi arte. Azken tantoan kale edo bale egin beharko zuten, beraz, partidua eskuratu ahal izateko. Azken tanto hartan iritsi zen, hain zuzen, ezbeharra. Tentsioz beteriko testuinguruan, lapurtarra ez zen gai izan Goitiak jaurtitako pilotakadari erantzuteko eta pilota zestan sartzeko; pilota hark markina-xemeindarraren hankan bortizki jo zuen. Tanto, partidu eta sailkapenak beraien alde egin zuen, baina kolpeak ere bai. 15 eta 14 gailendu ziren Lekerika eta Goitia, A multzoaren buruak. Sorozabaltarrak izan dira bigarren sailkatuak, eta horiek ere finalerdien ligaxka jokatuko dute.
Unai Lekerika: “Multzokako ligaxkaren azken partiduan zentratuta kantxaratu beharko gara; hala, finalaurrekoetara sentsazio baikorrekin iritsi ahalko gara”
Partidua amaitu berritan, Goitiak azken tantoko istripua “ezustekoa” bakarrik izan zela adierazi zuen, bere hanka “ondo” zegoela argituz. Finalaurrekoak orduko, beste partidu bat jokatu beharko dute, eta, ildo horretatik, neurketa horretan “zentratuta” kantxaratu beharko direla azaldu zuen bere bikotekideak: “Hala, finalaurrekoetara sentsazio baikorrekin iritsi ahalko gara”. Lehen seteko material aldaketari buruz ere mintzatu ziren. Lehen tantoetan lehian “sartzea kostatu” arren, pilotaz aldatzerakoan egoera “hobetu” zitzaiela nabarmendu zuen Lekerikak: “Gainera, boladatxo batez partidurik jokatu gabe egonik, minutuen joanagaz hobetuz joan gara”.
Alex Goitia: “Berez, bizia guretzat egokiagoa zen, baina hainbat tanto egin ditugu mantsoagaz; gainera, Zabala oso eroso ikusi dut ustez gure aldekoa zen pilotagaz. Beraz, ez da erraza izan asmatzea”
Goitiak pilota bizien eta motelen artean egondako nahasmena ere aipatu zuten: “Berez, bizia guretzat egokiagoa zen, baina hainbat tanto egin ditugu mantsoagaz; gainera, Zabala oso eroso ikusi dut ustez gure aldekoa zen pilotagaz. Beraz, ez da erraza izan asmatzea”. Artean, Lekerikak defentsan “eutsi eta eutsi” egin behar izan zuela azpimarratu zuen: “Eta eskumaz, ahal zenean erasora jo; aitortu behar dut oraingo honetan eskumaz ez naizela beste batzuetan besteko ondo ibili, baina, behintzat, aurrerantzean konfiantzaz aritzeko moduko emaitza lortu dugu”.