Iñigo Andonegi argazki lehiaketako lanen erakusketa ikusgai dago Zabiel kultur etxean
Abenduaren 12ra [barikua] arte egongo da erakusketa ikusteko aukera, Zabiel kultur etxean: astegunetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eta asteburu eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara.
Iñigo Andonegi argazki lehiaketako erakusketa. Mutrikuko Udala. Azaroaren 16an bukatu zen Iñigo Andonegi argazki lehiaketan parte hartzeko lanak jasotzeko epea, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez 44 lagunek parte hartu dute; guztira, 110 lan jaso ditu epaimahaiak. Hala, jasotako lanetatik 70 jarri dituzte erakusketan: “Azpimarratu beharrekoa da kalitate handiko lan asko jaso direla eta benetan zaila izan dela erakusketan jarri beharreko 70 argazkiak aukeratzea”.
Erakusketa abenduaren 12ra [barikua] arte egongo da zabalik Zabiel kultur etxean: astegunetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara eta asteburuetan eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara.
Sariak. Epaimahaiak erakusketako hamabi argazki sarituko ditu, eta argazki bakoitzak 90 euroko saria jasoko du. Gainera, herritarren saria ere egongo da, eta erakusketa zabalik dagoen orduetan bozka bidez herritar bakoitzak gustukoen duen argazkia aukeratu ahal izango du. “Boto gehien jasotzen duen argazkia, egutegiaren azala izango da eta sari honen irabazleak 90 euroko bonua jasoko du Bertan Elkarteko dendetan erabiltzeko”. Horrez gain, saritutako argazkiekin 2026ko egutegia argitaratuko du udalak. Sari banaketa abenduaren 19an [barikua] egingo da, 18:30ean, Zabiel kultur etxean ospatuko den Kultur galan.