Klik Mutriku Energia Kooperatiba sortu berri dute
Herri aurkezpena egingo dute barikuan [abenduak 12], 18:30etan, Goiko plazan.
Mutrikun urte hasieran abiatutako prozesuaren emaitza da Klik Mutriku irabazi asmorik gabeko Energia Kooperatiba. Komunitatea sortzen laguntzeko Goiener enpresa kontratatu zuen udalak, eta otsailaren hasieratik gaur arte hilabetero batu dira talde motorreko partaideak, “energia gaietan ahalduntzeko eta Mutrikun egin daitezkeen proiektuen inguruan hausnartzeko”.
Energia Berriztagarrien Komunitatea borondatezko partaidetzan oinarritutako kooperatiba dela azaldu dute, herritarrek eta herriko eragileek osatu dezaketena, beraz, “mutrikuar guztientzat irekia”. Beste helburu askoren artean, hurrengokoak nabarmendu dituzte: energia kontsumoa murriztea, iturri berriztagarrietatik kontsumitzea, pobrezia energetikoa gutxitzea eta fakturak merkatzea. Helburu horiek guztiak aurrera eramateko lanean “buru-belarri” dabiltza partaideak, eta zenbait ekintza prestatu dituzte abendurako.
Alde batetik, herri aurkezpena egingo dute barikuan [abenduak 12], 18:30etan, Goiko plazan, “proiektua ezagutzera emateko ekimen sinbolikoa eginez”. Ondoren, abenduaren 17an 18:30etan Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan eskuartean dituzten proiektuen berri emango dute. Elektrizitate eta gas fakturen inguruko aholkularitza emateko zerbitzua eta ikastolako patioaren estalkian egingo den instalakuntza aurkeztuko dute.
“Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, ikastolako jolaslekuaren estalkian 40kW-ko potentzia duen instalazioa egingo da 2 kilometro barruan bizi diren herritar guztiek bertatik autokontsumitu ahal izan dezaten”, azaldu dute. Instalazioaren onuradun izateko bazkidetza kanpaina ere urte amaierarako abian jartzea espero dute eta bertan izena emateko deia egin diete herritarrei.