‘Txillarreko sukaldaria’ dokumentala aurkeztuko dute Uhagonen eta Galarrenan
Eguenean [abenduak 11] Markina-Xemeinen egingo dute aurkezpena eta barikuan [abenduak 12] Lekeition. Abenduaren 26an Ziortza-Bolibarrera helduko da.
Edurne San Martin Larrañagak eta Asier Ibaibarriaga Apoitak liburu batean eta dokumental batean bildu dute Pello Rubioren ekarpena Txillarreko sukaldaria izenburupean. Herriz herriko aurkezpenak egiten ari dira, eta hurrengo egunetan Lea-Artibaira helduko da.
Markina-Xemeinen eguenean [abenduak 11] aurkeztuko dute, 19:00etan, Uhagon kulturgunean. Dokumentala proiektatuko dute eta ondoren solasaldia egingo dute bertaratzen direnean artean. Barikuan [abenduak 12] Lekeitioren txanda izango da, bigarren aldiz izango dira bertan, kasu honetan Galarrenan egingo dute 18:00etatik aurrera. Bertan, dokumentala emateaz gain, liburuaren aurkezpena ere osatuko dute. Euskal Zine Bileran ere eman zuten lana. Horrez gain, Ziortza-Bolibarren abenduaren 26an proiektatuko dute dokumentala, 18:30ean, udal aretoan.
“Izen ezagun eta potoloen ondoan, batzuetan izen xehe eta izaera xumeko andra-gizonek beren alea jartzen dute gertakarien katean, eta ale horrek, modu batera edo bestera, baldintzatu egiten du letra larriko Historia”, adierazi dute sortzaileek. Horren adibide da Pello Rubio. 60 minutuko dokumentala dela zehaztu dute zuzendariek.
Baserritar bihurturiko sindikalista ohiak, 1999an, Txillarre bere baserrira gonbidatu zituen isilpean bere bi lagun, alderdi sozialistako Paco Egea eta ezker abertzaleko Arnaldo Otegi, berak otordua eman bitartean hizketan jar zitezen. “Sei urteko elkarrizketa isilek ETAren amaieran lagundu zuten. Bere bizipenak, beldurrak eta elkarrizketaren alde egindako lana jasotzen dira”. Horrela, bestelako foroak eta elkarrizketa-mahaiak sortu ziren: Loiolan, Genevan, Oslon…