Herriko sortzaileak erdigunean, Ondarroako Gabonetako egitarauan
Mota guztietako ekintzak antolatu dituzte Ondarroako Udalak eta herriko taldeek, eta ugaria izango da herriko sortzaileen uzta ere. Besteren artean, Ugaitz Alegrairen 'Destiny driver' eta Nerea Gartziaren eta Ainhoa Etxebarriaren 'Hil da jainkosa' antzezlanak ikusteko aukera egongo da.
Argazkia: Ondarroako Udala. Ondarroako Udalak Gabonetarako prestatu duen egitaraua aurkeztu du, eta aurtengoan ere jarduera eskaintza zabal eta anitzaz gozatu ahalko dute herritarrek. Musika, azokak, kirola, hitzaldiak, antzerkia, dantza emanaldiak, pailazoak, literatur ibilbideak nahiz erakusketak egongo dira aukeran, adin guztietarako proposamenekin.
Hala, jardueren gehiengoa doakoa izango den arren, bi salbuespen edukiko ditu: urtarrilaren 4ko Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren Zerua lapurtu dute ikuskizunak 6 euro balioko ditu, eta urtarrilaren 5eko umeentzako Arrainak bihotzean antzezlanak, 10 euro.
Urteroko legez, herriko sortzaile eta taldeen parte-hartzea nabarmena izango da, eta kultur sailak haien ekarpenekin osatu du egitaraua. Gaineratu dutenez, bertoko taldeei ez ezik, bertoko artistei ere, tokia egin nahi izan diete. Hori horrela, abenduaren 30ean, esaterako, herritarrak oholtzaratuko dira. Alde batetik, Ugaitz Alegriak Destiny Driver antzezlanean jardungo du, eta beste aldetik, Nerea Gartziak eta Ainhoa Etxebarriak Hil da jainkosa antzezlana eskainiko dute. Biak ala biak Kofradia Zaharrean izango dira, “formatu txikikoak direlako” eta antzezlan bakoitzaren bina pase egingo dituzte: “Bi solairuak hartuko dituzte antzerkiekin, bakoitzean bana. 18:30ean eskainiko dira lehenengo, eta 20:00etan berriro ere errepikatuko dira. Honen asmoa da ahalik eta jende gehienak ikusi ahal izatea herriko artistak oholtzan”. Alegriak Ondarrutar Naturala lehiaketa ere aurkeztuko du, urtarrilaren 2an, eta Gartziak Miña terra biak saioa gidatuko du, abenduaren 21ean, Galizia Etxean.
Antzezlanak gutxi ez, eta literatur arloan, Mikel Etxaburu eta Leire Bilbao idazleek euren ibilbideak aurkeztuko dituzte, abenduaren 27an eta 28an, hurrenez hurren, Kalian gora marian behera ibilbide gidatuaren barruan. Abenduaren 28an emango diote hasiera herriko beste sortzaile baten erakusketari ere: Pedro Lasarte Toxu artistak Egurrezko eskulturak erakusketa zabalduko du, eta urtarrilaren 5era arte ikusi ahalko da. Bestalde, udalak gogorarazi du Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren Zerua lapurtu dute eta Arrainak bihotzean antzezlanak Bilbaoren lanetan oinarritutakoak direla.
Gainera, beste hainbat ekintza tarteko, bertsozaleek urteroko hitzorduaz gozatu ahalko dute. Udalak eta Bertsutan bertso eskolak antolatuta, urtarrilaren 6an bertso saioa egingo dute kiroldegian. Bertsotan ariko dira Nerea Ibarzabal, Unai Agirre, Jone Larrinaga eta Joanes Illarregi, eta doako bertso saioa izango da.