XVII. urteurrenerako prest daude Akerbeltz Gaztetxeko kideak
Zapatuan [abenduak 13] Akerbeltz Gaztetxearen urteurrena ospatuko dute Markina-Xemeinen. Gazte Asanbladako kideek egun guztiko egitaraua antolatu dute.
Gaztion soinuek pizten dau herrixan sue lelopean dator aurten Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxeko XVII. urteurrena. Hala, egun guztiko egitaraua antolatu dute, eta Gazte Asanbladako kideak “prest” daude zapatuko urteurrena “goi-goitik” ospatzeko.
11:00etan emango diote hasiera egunari, eta Arkupean batuko dira urteurrenari begirako murala margotzeko. Ondoren, 13:00etan, Patxuanean hasita, trikipoteoa egingo dute bazkariko ordura arte.
15:00etan, mahaiaren bueltan batuko dira markina-xemeingo gazteak, tripa bete eta eguna “indarrarekin” jarraitzeko. Ostean, bazkalostean, giroa “ederra” ez dela faltako jakinarazi dute Markina-Xemeingo Gazte Asanbladako kideek.
19:00etan, Akerbeltz Gaztetxetik irten, eta herriko kaleak hartzeko asmoz, poteo musikatua egingo dute, eta 22:00etan, berriro gaztetxera bueltatuko dira. Txopet talde bilbotarra izango da oholtzara lehenengo igoko dena, eta ondoren, AimarZ (Aimar Zuriarrain Asurmendi) zumarragarraren txanda izango da. Eguna borobildu eta egitarauari amaiera emateko, DJ Mortzek jarriko du musika Akerbeltz Gaztetxean.