Abenduaren 26an banatuko dituzte Markina-Xemeingo Kirol Sariak
19:00etan izango da sari banaketa, Esperantza aretoan, eta sarrera librea edukiko du. Guztira lau sari banatuko dituzte.
Mikel Urkia kirol zinegotzia, aurtengo sarituen kartelagaz.Markina-Xemeingo Udala Markina-Xemeingo Udalak, herritarrei aitortza egin eta euren jarduna sustatzeko asmoz, Kirol eta Kultura Sariak banatu ohi ditu, bi urtean behin elkarren artean txandakatuz. Hala, iaz Kultura Sariak banatuta, aurten Kirol Sarien txanda izango da. Abenduaren 26an izango da sari banaketa ekitaldia, 19:00etan, Esperantza aretoan, eta sarrera librea edukiko du, edukiera bete arte.
“Herriko kirolariek eta kirolaren alde lan egiten duten pertsonek egiten duten ekarpena aitortu nahi dugu sarien bidez, bai jarreraren eta balioen transmisioaren ikuspegia kontuan hartuta, baita lortutako emaitzei erreparatuta ere”, adierazi du Mikel Urkia udaleko kirol zinegotziak. Gaineratu duenez, herritarren lan nekaezina, konpromisoa eta harrotasuna uztartzen dituzten jarrerak goraipatu nahi izan dituzte.
Urtero bezala, lau sari banatuko dituzte: hiru Kultura eta Kirol Batzordean aukeratutakoak izango dira, eta bat, udalak aukeratutakoa: “Izen ugari eduki ditugu aukeren artean, baina bozketa bidez bakar bat aukeratu dugu maila bakoitzerako”.
Hala, herriko kirolari esaguratsuenaren saria Amaia Nuñez Martin pisu jaurtiketa egokituko kirolariak jasoko du: “Bere ibilbideagatik, emaitzengatik eta herria ordezkatzeko erakutsi duen jarreragatik eman nahi diogu saria”. Kirola bultzatzeko lan egin duen pertsona edo eragile esanguratsuenaren saria, ostera, Jose Luis Mugartegik eskuratuko du, atletismoan egindako lanagatik. Hirugarren saria, ostera, kirol arloko herriko talde esanguratsuenarentzat izango da, eta aurtengoan, Artibai Futbol Taldeko neska beteranoen lehenengo taldeak eskuratuko du saria. Azkenik, udalak Serafin Ibarra Luzar aukeratu du saritzeko: “Esku pilotan lan asko egin du, eta euskararen alde ere bai, eta uste dugu berak ere merezi duela egindako lan guztiaren aitortza egitea”.