Amorotoko V. Gabon Lasterketa egingo dute urtarrilaren 4an
Izen ematea egun berean izango da. HH, LH eta nagusien mailetako lasterketak egingo dituzte.
Urte berriari ongietorria emateko asmoz, bosgarrenez antolatu du Amorotoko Guraso Elkarteak Amorotoko V. Gabon Lasterketa. Egun berean egongo da izena emateko aukera, 10:30etik 11:00etara, plazan.
Hiru mailatan lehiatuko dute partaideek. 2-5 urte bitartekoak 11:00etan irtengo dira eta 250 metroko ibilbide gorria egingo dute. 6-12 urte bitartekoak, ostera, 11:15ean abiatuko dira, eta 800 metroko ibilbidea egingo dute, zirkuitu gorria eta horia elkartuta. Azkenik, 12 urtetik aurrerakoek, hiru itzuli egin beharko dituzte ibilbide gorria, horia eta urdinean zehar; 4,5 kilometroko lasterketa izango da guztira.
Antolatzaileek lasterketan parte hartzera animatu diete herritarei: “Zirkuituko errekorra hamabost minutu eta 38 segundoan dago ezarrita, eta txapela ere egongo da jokoan. Animatu parte hartzera!”. Lasterketaren ostean, txokolatea emango dute; bakoitzak etxetik eroan beharko du edalontzia.