Artola-Imaz eta Iztueta-Jaka kantxaratuko dira Unin urtarrilaren 17an
2026ko Binakako Txapelketako jardunaldi bat hartuko du Markina-Xemeingo Uni frontoiak. Sarrerak abenduaren 26an ipiniko dituzte salgai.
Eskualdeko eta inguruetako pilotazaleek gustura hartzen dute urtero pilotari profesionalen partida bat herrian ikusteko aukera, eta aurtengoan ere, hala izango da. Markina-Xemein Esku Pilota taldeak eta Markina-Xemeingo Udalak antolatuta, 2026ko Binakako Txapelketako maila gorenekoen partida ikusteko aukera egongo da urtarrilaren 17an, 18:15ean.
A Serieko Jaka-Iztueta eta Artola-Imaz bikoteak kantxaratuko dira, eta aurretik Agirre-Morgaetxebarria eta Egiguren V-Eskuza pilotarien partida ikusteko aukera egongo da. Sarreren aurresalmenta abenduaren 26an izango da, 18:00etatik 20:00etara, Markina-Xemeingo Uni frontoiko lehiatilan; 30, 25 edo 20 euroko sarrerak erosteko aukera egongo da. Internet bidezko salmenta, ostera, egun berean 20:00etan zabalduko dute; entradasfronton.com helbidean egin beharko da erosketa.
Lehia, martxan. Azaroaren 21ean hasi zen 2026ko Binakako Txapelketa Beasainen, eta martxoaren 29an amaituko da Iruñeako Nafarroa Arenan. Guztira hamalau jardunaldiko liga jokatuko dute zortzi bikote parte hartzaileek, finalerdietako ligaxkara sartzeko helburuagaz.
Sailkapenari dagokionez, gaur gaurkoz bikoteetako bakoitzak launa partida jokatu ditu: Laso eta Albisu doaz lehenengo postuan, eta Elordi eta Zabaleta, bigarrenean, bi bikoteak lautik hiru partidu irabazita. Markina-Xemeinen kantxaratuko direnak, ostera, sei eta zazpigarren postuetan doaz, biak ere, aldeko eta kontrako bina partidagaz; Jaka eta Iztueta aldeko 62 tantogaz eta kontrako 73 tantogaz seigarren postuan daude, eta Artola eta Imaz, ostera, aldeko 66 eta kontrako 78 tantogaz, zazpigarrenean.
Barikuan, Munitibarren. Bestalde, Binakako Txapelketako B Serieko bosgarren jardunaldiaz gozatzeko aukera egongo da barikuan [abenduak 19] Munitibarren. Egiguren V-Loza eta Amiano-Eskiroz bikoteek jokatuko dute, 20:30etik aurrera, eta sarrerak salgai daude, bost eurotik aurrera, entradasfronton.com web orrian.