Goxua Txapelketa "ondo" hasita, prest daude bigarren jardunaldirako
Bihartik [abenduak 18] domekara [abenduak 21] jokatuko dituzte partidak; barikuan ez da partidarik egongo. Bigarren jardunaldiaren ostean geldialdia egingo dute, urtarrileko bigarren astera arte.
Hasi dute lehia pilotari ohiek. VII. Master Goxua Txapelketa joan den eguenean [abenduak 11] hasi zuten, eta antolatzaileen arabera, “ondo” hasi da. Hori horrela, prest daude bigarren jardunaldiari ekiteko; horren ostean, geldialdia egingo dute, eta urtarrileko bigarren astean itzuliko dira lehiagaz.
Bihar [abenduak 18] lehenengo mailakoen txanda izango da. 20:00etan hasita, Rober-Atxur eta Muniozguren-Zugadi bikoteek neurtuko dituzte indarrak, eta ostean Ibarloza-Urrutia eta Legarra-Muruaga bikoteak ariko dira. Barikuan ez da partidarik egongo, baina horren partez, hiruna partida jokatuko dituzte zapatuan eta domekan [abenduak 20 eta 21]. Zapatuan, 16:30etik aurrera, Txirloi-Urizar eta Latxi-Mujika, Gandixa-Adorrixa eta Atxurra-Arizmendi eta Zubiria-Gomez eta Laka-Ekaitz bikoteen txanda izango da. Domekan, ostera, 17:00etatik aurrera, Txurruka-Txurruka eta Larrea I-Larrea II, Kortazar-Ube eta Gorostizaga-Arandia eta Uzuriaga-Pradera eta Martin-Uriarte bikoteak kantxaratuko dira.
Lehenengo jardunaldia. Antolatzaileek adierazi dutenez, espero zuten moduan hasi dute txapelketa: “Egun batzuetan jende gehitxoago etortzen da ikustera beste batzuetan baino, baina espero genuen bezala hasi dugu txapelketa. Lau egunetan eduki genituen partidak, eta ondo joan dira”. Pilotarien lanari dagokionez, maila politean hasi direla adierazi dute: “Pilotariak ondo aritu dira. Azkenengo bi urteetako txapeldunek jokatu dute lehenengo jardunaldian, eta berriro ere irabazten hasi dira. Aurten ere lehenengo mailan faborito nagusiak izango dira”.
Hain zuzen ere, zapatuan [abenduak 13] kantxaratu ziren Esnaola eta Mujika iazko irabazleak, eta 18 eta 10 hartu zituzten mendean Agirrezabal eta Zabala. Eguenean eta barikuan [abenduak 11 eta 12] beste partida bana jokatu zituzten pilotariek, eta Muniozgurenek eta Zugadik Aranbururen eta Aldaperen aurka (18-10) eta Lakak eta Ekaitzek Loidiren eta Arribillagaren aurka (18-16) irabazi zuten. Lehenengo jardunaldia domekan [abenduak 14] amaitu zuten, Mendibe-Goratz eta Jokin-Andoni bikoteen partidarekin; bigarrenek 18 eta 9 irabazi zuten.
Bigarren jardunaldia.
- Abenduak 18, 20:00etan.
- Rober-Atxur eta Muniozguren-Zugari (1. maila).
- Ibarloza-Urrutia eta Legarra-Muruaga (1. maila).
- Abenduak 20, 16:30ean.
- Txirloi-Urizar eta Latxi-Mujika (1. maila).
- Gandixa-Adorrixa eta Atxurra-Arizmendi (2. maila).
- Zubiria-Gomez eta Laka-Ekaitz (2. maila).
- Abenduak 21, 17:00etan.
- Txurruka-Txurruka eta Larrea I-Larrea II (1. maila).
- Kortazar-Ube eta Gorostizaga-Arandia (1. maila).
- Uzuriaga-Pradera eta Martin-Uriarte (1. maila).