Jasotakoa herriari itzuliz
Mutrikuko historia eta etnografia herritarren eskura jartzeko asmoz jaio da Esparbela Elkartea, eta dagoeneko kaleratu dute lehenengo proiektua. Gaur, 19:00etan, Zabiel Kultur Etxean batuko dira Esparbelako kide zein bazkideak, eta bertan, taldea aurkezteaz gain, ‘Mutriku’ aldizkariaren lehenengo zenbakia plazaratuko dute. Gainera, Xabier Basterretxea ‘Txordo’ omentzeko aitzakia ere izango da gaurko ekitaldia.
Josu Larrañaga, Nerea Arrizabagala, Jose Angel Lizardi, Arantza Ugarte eta Alesander Idoeta. Herri guztiek bezala, Mutrikuk ere badauka bere historia atzean. Orain arte, ordea, ez du izan iragana gaur egunera ekarri eta herrira zabaltzeko baliabiderik. Horretarako, entzun, jaso, eta herriari emateko jaio zen Esparbela Historia eta Etnografia Elkartea, eta bide horri jarraika sortu du elkarteak herriaren iragana modu jarraituan jaso eta zabaltzeko aldizkari propioa: Mutriku. Aldizkariaren lehenengo alea kaleratuta, gaur 19:00etan aurkeztuko dute Zabiel Kultur Etxean ikerketa historikoa eta etnografia uztartzen dituen tresna.
Esparbelaren sorrera ez da egun batetik bestera etorri. Jose Angel Lizardi lehendakariak gogoratzen duenez, ideia Josu Larrañagarena izan zen, iazko udaberrian: “Mutrikuk ez zeukan herriko historia lantzen zuen aldizkaririk, inguruko herriek bazeukaten bitartean”. Beraz, hasierako zalantzak gorabehera, udazkenean proiektua indarra hartzen hasi zen, eta historia eta etnografiarekiko sentsibilitatea zeukaten hainbat mutrikuar batu ziren egitasmora.
Gaur egun, hamabost lagun inguruk osatzen dute taldea, eta zuzendaritza-talde motorrean Alesander Idoieta idazkaria, Lizardi eta Larrañaga dabiltza. Hala ere, taldearen izaera anitza da: badira historialariak, ikasleak eta ondarearen inguruan lanean ari diren herritarrak. Horrek baldintzatu du hasieratik planteamendua. “Ez genuen nahi aldizkari akademiko itxi bat; herritarrengana iritsiko zen zerbait behar genuen” azaldu dute. Horrela batu ziren taldera Arantza Ugarte eta Nerea Arrizabalaga ere; biak ala biak herriaren historia zein ondarean lanean dabiltzan kideak dira: “Elkartea eratuko zela abisatu zigutenean, segituan esan genuen baietz”.
2024ko urtarrilaren 31n eratu zuten ofizialki elkartea, eta hilabete gutxiren buruan, estatutuak, erregistro-izapideak eta udalarekiko harremanak lotuta zituzten. Hasierako baliabide ekonomikoak xumeak izan ziren —30 euro besterik ez—, baina udalak 3.000 euroko diru laguntza eman zien, lehenengo helburua betetzeko: aldizkaria kaleratzea. “Idoeta, Lizardi eta hirurok jarri genuen lehenengo kuota, bakoitzak 10 euro. Beraz, esan genezake elkartea 30 eurorekin osatu genuela, kar-kar-kar”, azaldu du Larrañagak.
Josu Larrañaga: Mutrikuk ez zeukan herriko historia lantzen zuen aldizkaririk, inguruko herriek bazeukaten bitartean.
Lehenengo aleak 11 artikulu biltzen ditu, historiazko lanak zein etnografia-ikuspegikoak. Itsasoari, baserri-munduari, memoria historikoari eta ondareari lotutako gaiak ageri dira, betiere estilo bateratu eta zainduarekin. Gainera, herritar ezberdinek parte hartu dute testuak idazteko orduan, eta horrek, proiektua “aberastu” duela zehaztu dute taldeko kideek. “Testuak batzorde baten bidez zuzendu ditugu, maila akademiko minimo bat bermatuz, baina irakurterraztasuna galdu gabe”, azaldu du Idoetak.
Diseinuari dagokionez, logotipoak ere badauka esanahia: Jon Iriondo Txakartegi ondarrutarrak sortutako esparbela sareak lurra eta itsasoa lotzen ditu, taldearen filosofia irudikatuz. “Izenen ideia zaparrada bat egin genuen, eta ez zitzaigun gustuko genuen bat okurritzen. Halako batean, norbaiti esparbela izena bururatu zitzaion, eta nahikoa argi izan genuen hori izan behar zela”, azaldu du Arrizabalagak. “Bai, eta izena filosofiarekin bete-betean lotu dugu. Izan ere, esparbela karramarroak, izkirak edo uretako animaliak harrapatzeko ibili izan dugu txikitan, gero, ordea, berriro ere putzuan askatzeko. Ba, guk, berbera egingo dugu. Jasotako informazioa herriari itzuliko diogu, ez dadin ezkutuan gelditu”.
Bazkidetza kanpaina, abian
Finantzaketari dagokionez, autofinantzaketa eta bazkidetza dira elkartea aurrera ateratzeko giltzak. Elkarteko kideek garrantzia “berezia” eman diote bazkidetzari; izan ere, beraien hitzetan, ekarpena ez baita soilik ekonomikoa: “Mutrikuko ondarea eta historia babesteko modua dira”. Bazkideen urteroko kuota 15 eurokoa da, eta gainera, bazkide bakoitzak aldizkaria jasoko du: “Hala ere, bazkideei gauza gehiago eskaini nahi dizkiegu urtean zehar, guretzat oso garrantzitsuak baitira”. Gaur gaurkoz, 65 bazkide ditu elkarteak: “Galbaixo jaietan postua jarri genuen, eta 54 bazkide inguru lortu genituen. Zapatuan, San Tomas azokan, berriro ere postua jarriko dugu, bazkide egiteko aukera eman eta aldizkariak saltzeko”. Aurrerantzean aldizkaria salgai egongo da Sabina dendan, Beristain liburu dendan eta turismo bulegoan.
Herritik, herriarentzat
Gaurkoa ez da izango aurkezpen soila; izan ere, herriari hainbeste eman dion Xabier Basterretxea Txordo omenduko dute: “Begiak artxiboan utzi dituen laguna da Txordo. Urteak eta urteak egin ditu Mutrikuko artxiboan fisikoki paperak begiratzen. Oraingoan guri tokatzen zaigu bere testigua hartu, eta urte guzti hauetan emandakoa eskertu eta omentzea”. Ohorezko bazkide egiteaz gain, lehenengo alea oparituko diote artxibo artean hainbeste ordu igarotako lagunari: “Bere filosofiarekin jarraituko dugu, informazioa jaso, eta herriari ematen”.
Esparbelaren asmoa ez da ale bakarrera mugatzen. Urtero argitalpen bat kaleratzea dute helburu, eta ideiarik ez zaie falta. Erronka nagusia, diotenez, zer aukeratu erabakitzea izango da, ez edukia betetzea: “84 orri betetzeko arazorik ez dugu izango”. Oraingoz, lehenengo pausoa emanda dago, eta Mutrikuko historiak eta etnografiak badaukate sare berria: herritik sortua, herrira itzultzeko.
Arantza Ugarte: Orain guri tokatzen zaigu Txordoren testigua hartu, eta urte guzti hauetan emandakoa eskertzea.