Martxan da Peru Abarka album lehiaketa, 2.500 euroko sariagaz
Otsailaren 27ra arte aurkeztu daitezke lanak. Lehenengo fasean narrazioen txanda izango da, eta irabazleak 2.500 euro eskuratuko ditu. Bigarren fasean, narrazio hori ilustratzeko proposamenik onena aukeratuko dute, eta beste 2.500 euro irabaziko ditu. Era berean, Ereinek album ilustratua argitaratuko du.
Bi album lehiaketa baino ez daude Euskal Herri osoan, Peru Abarka album lehiaketa eta Etxepare Saria, eta helduen mailako bakarra da Markina-Xemeingoa. Aurten idazlearen saria eman barik geratu den arren, Markina-Xemeingo Udalak nahiz Erein Argitaletxeak lehiaketaren garrantzian sinesten dute, eta hala, martxan da berriro ere idazlanak aurkezteko epea. Hori horrela, zabalik egongo da idazlanak aurkezteko epea otsailaren 27ra arte.
Iaz zenbait berritasun eginda aurkeztu zuten lehiaketa, eta aurten berritasunok mantendu egingo dituzte. Hala, lehenengo narrazio onena aukeratuko dute, eta ostean, idazlanaren ilustraziorik onenen lehiaketa zabalduko dute; irabazleetako bakoitzak 2.500 euro garbi eskuratuko ditu. Gainera, Erein Argitaletxeak album ilustratuaren 800 aleko lehen edizioa argitaratuko du.
18 urtetik gorako edonork hartu dezake parte lehiaketan; ezingo da lehiaketara aurkeztu aurreko lau edizioetako edozeinetan irabazi duen inor. Helduentzako literatura izango da lehiaketako kategoria bakarra; lanak euskara batuan aurkeztuko dira, gai libreagaz. Prosa eta bertsoa onartuko dute narrazioetan, gehienez 15.000 karakteregaz eta gutxienez 11.000gaz (espazioak barne).
Aurkeztutako lanek originalak, argitaratu gabekoak eta beste lehiaketaren batean saritu gabekoak izan beharko dira. Gaineratu dutenez, aurkeztutako lanak ezingo dira izan adimen artifizial sortzailea erabilita sortutakoak.
Beste hainbat zehaztapenen artean, lanak DIN A4 formatuan aurkeztu beharko dira, ordenagailuz idatzita eta alde bakar batetik, lerroen artean 1,5eko tartea utziz eta 12 puntuko Times New Roman izeneko letra motagaz. Lanak galdetegi bat beteta aurkeztu beharko dira; peruabarka.wordpress.com helbidean ipini dute eskuragarri, oinarri guztiekin batera. Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahalko ditu.
Antolatzaileek parte hartzeko deia luzatu dute: “Markina-Xemeingo Bibliotekaren eta norbanako batzuek hasi zuten egitasmoa da, eta udala duela 20 urte konprometitu zen lehiaketagaz, hasieratik bere eginda. Euskara eta kultura alorrean apustu handia egiten da honen alde. Maila ona lortu da azken urteetan, eta hori mantentzeko lanean jarraitu nahi dugu”.