Egonkortuta eta jarraipen handiagaz lehiatu dute II. Lacturale Pilota Txapelketa
Okariz-Barainka, Oskotz-Gaminde, Janitz-Ugartemendia, Etxaniz-Artetxe eta Alberdi-Pujana izan dira II. Lacturale Pilota Txapelketaren bikote garaileak.
Argazkia: Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkartea. Iazko estreinaldi arrakastatsuaren ondoren, gogoratzeko modukoa izan da Lacturale Pilota Txapelketaren bigarren ekitaldia. Munitibarko udal pilotalekua harrobia, aisia, lehia eta goi mailako pilota uztartu dituen ikuskizunaren topagune izan da berriro, eta ikusleek bikain erantzun diote bigarren aldiaren deialdiari. Iaz, finalen jardunaldiak erakarri zuen jende gehien, baina aurten ikusleen jarraipena “orekatuagoa eta handiagoa” izan dela azpimarratu dute: “Finalean ez ezik, ligaxkan zehar zein finalaurrekoetan ere ikusle asko egon ziren harmailetan; alde horretatik, irakurketa positiboa baino ezin daiteke egin”.
Eskolarteko gaztetxoen lehiaz gain, emakumezko gazte zein nagusiena eta gizonezko kadete, gazte nahiz nagusiena elkartu ditu txapelketak. Hilaren 2an, eskolartekoen partiduak jokatu zituzten, emakumezko gazteen eta nagusien finalak orduko. Okarizek eta Barainkak Menaren eta Ozaetaren aurka neurtu zituzten indarrak; lehen bikoteak poltsikoratu zuen garaipena, 22 eta 14 nagusituta. Antolakuntzak argitu du finalak dinamika “oso argia” izan zuela hasieratik: “Ez zen misterio handiko partidua izan, Okariz eta Barainka oso eroso ibili baitziren lehendabiziko jokaldietatik. Behin errenta hartuta, Menak eta Ozaetak ezer gutxi egiterik izan zuten”.

Argazkia: Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkartea.
Nagusien finalari zegokionez, estua eta lehiatua izateko osagai guztiak zituen, baina azkenean gutxi izan zuen borrokatik. Izan ere, Oskotzek eta emakumezkoen aurtengo pilota denboraldiaren protagonista nagusietako batek, Gamindek, garaipen handia eskuratu zuten Aldairen eta Bertizen kontra. Partidua hasi orduko, bikote bietako bat ere ez zen hautagai argi, baina, edozelan ere, Aldaik eta Bertizek ez zuten “partiduan sartzeko eta Gaminderen dominantziari aurre egiteko” aukerarik eduki, eta 22 eta 7 galdu zuten. Finalaurrekoetan, Aldaik eta Bertizek nahieran lortu zuten garaipena, eta Oskotz-Gaminde bikoteak, aldiz, gogotik sufritu behar izan zuen. Finalean, ostera, hasieratik amaierara maisuki ibili ziren, partidu bizkor eta argi batean.
Hilaren 3an, gizonezkoen txanda iritsi zen. Kadete mailan, Janitzek eta Ugartemendiak 22 eta 7 irabazi zuten Zufiriaren eta Illarramendiren aurkako finala. Emaitzak halakorik “larregi bistaratu” ez arren, bikotek biek “gogor egin zuten pilotan”: “Piloteo handiko partidua izan zen, baina tanto gehienek Janitzen eta Ugartemendiaren aldera jo zuten”.

Argazkia: Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkartea.
Gazte mailan, Salaberria anaiek Etxaniz eta Artetxe eduki zituzten aurrez aurre. Azken biek 22 eta 15 irabazi zuten azken unera arte “gogorra, tentsio handikoa eta oso lehiatua” izan zen finala: “Markagailuak alderen bat edo beste egon zela erakutsiagatik ere, ordubetetik gorako neurketa gogorra izan zen, eta azken tantoetan erabaki zen garailea. Atzelariak jo eta su ibili ziren norgehiagoka osoan zehar, eta, azkenean, hutsune gehien egin zituen bikotea suertatu zen garaile, ia-ia tanto gehien biribildu zituena barik”.
Nagusi mailan, Albizu eta Erle Alberdiren eta Pujanaren aurka aritu ziren. Markagailuak 22 eta 13koa erakutsi zuen, Alberdiren eta Pujanaren kontra. Lehen txanpan eskuraturiko alde esanguratsua giltzarri izan zen Alberdi eta Pujanarentzat. Partidu erdia inguruan, arrakala zertxobait apaltzea lortu zuten Albizuk eta Erlek, eta jokoari tensio erantsia gehitu zioten. Dena dela, Albizuk zenbait hutsegite egin zituen azken jokaldietan, eta hark aldea berriro mardultzea ekarri zuen.