Bertsoz blai igaro dute Errege eguna ondarrutarrek
Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Unai Agirre eta Jone Larrinaga igo dira oholtzara gaur, eta Iñaki Lersundi arduratu da gaiak jartzeaz.
12:30ean eman diote hasiera Ondarroako Kiroldegian urteroko bertso saioari. Bertsolariek oholtzako bidea egin duten bitartean, ikusleek txalo zaparradaz eman diete ongi etorria. Nerea Ibarzabal, Jone Larrinaga, Joanes Illarregi eta Unai Agirre izan dira aurtengo Errege Eguneko bertso saioko lau protagonistak, eta Iñaki Lersundi ondarrutarra aritu da gai-jartzaile lanetan. Ondarroako Udalak antolatutako bertso saioa izaten da urteroko Errege Egunekoa, Bertsotan herriko bertso eskolaren laguntzagaz.
Eguraldiaz eta tenperatura baxuez aritu dira bertsolariak hasierako agurrean; izan ere, azken egunetan egindako hotzak zeresan handia eduki du bertso saioan: txaketak goraino lotuta, txapelak buruan, guanteak eskuetan, eta bufandak soinean zein izterretan. Hala ere, Ondarroako kiroldegia berotzea lortu dute bertsolariek, baita publikoak eskainitako txalo zaparradek ere.
Gaurkotasuneko gaiak ekarri ditu plazara Lersundik, eta freskotasunagaz erantzun diote lau bertsolariek. Lehenengo ariketa guztientzako izan da, eta banan-banan erantzun dute bertsolariek. Honetan, faxismoaren igoeran jarri du fokua gai-jartzaileak. Ondoren, Larrinaga eta Ibarzabalen txanda izan da, eta adineko bikote baten larruan sartu dira biak. Gero, Ilarregik eta Agirrek hartu dute mikroa eta minbiziari buruz abestu dute.
Hotzak ezin izan du giro ederra oztopatu Ondarroako kiroldegian. Gaurkoa pasata, datorren urteko bertso saioaren zain gelditu dira herritarrak.