Mendexako berbak jasotzen dituen hirugarren liburuxka argitaratu dute
Mendexako Euskara Taldeak eta Mendexako Udalak 'Mendexako berbak eta esakerak' liburuxkaren hirugarren alea argitaratu dute. Eguraldia, animaliak eta jatekoak landu dituzte.
“Mendexako euskara bizia da. Elikatu da hango eta hemengo euskalkiekin, eta mantentzea lortu dugu. Hala ere, lehen erabiltzen ziren hainbat hitz ez dira heldu gaztetxoengana, eta hori berreskuratu nahi dugu”. Hala adierazi du Jone Laka Mendexako Euskara Taldeko kideak herriko euskararen egoera, eta premisa horretatik abiatuta sortu zuten Mendexako berbak eta esakerak egitasmoa. Bide horretan, hirugarren liburuxka argitaratu berri dute Mendexako Udalarekin elkarlanean: Mendexako berbak eta eskaerak (III). Eguraldia, animaliak eta jatekoak.
Argitaratutako liburuxka 20 orrialde ingurukoa da, eta aurreko bien jarraipena da: “Lehenengoa 2024ko Gabonetan argitaratu genuen, eta baserriarekin lotutako hitzen inguruko liburuxka izan zen. Bigarrena, ostera, iaz argitaratu genuen, eta hiru gai landu genituen: pertsonen izenondoak, osasuna eta arropa”.
Herriko ondarea jaso eta gordetzea helburu duen proiektua da, eta abiapuntua Mendexako euskararen bilakaerari lotuta dago. Lakak azaldu duenez, herriko hitz “asko eta asko” ez dira erabiltzen, eta beste asko ezagutu ere ez dira egiten. Gainera, herriko egoera soziolinguistikoa ere kontuan hartu nahi izan dute: “Gazteria asko dago herrian, eta kanpotik etorritakoak ere badaude. Horregatik, ikusten genuen berba horiek berreskuratu egin behar zirela. Erabiltzea edo ez, norberaren esku dago, baina behintzat, jasota egon daitezen nahi izan dugu”.

Argazkia: Mendexako Udala.
Hala, hitzak biltzeko, herritarren parte hartzea funtsezkoa izan dela azpimarratu du: “Udaletxean eta herriko tabernan kaxa batzuk ipini genituen, bertara herritarrek ezagutzen zituzten hitz edo esaerak botatzeko. Gainera, taldeko kideoi hitzak okurritu edo entzun ahala ere jaso ditugu, eta jende nagusiarekin ere hitz egin dugu, bilketa egiteko”. Herritar guztien artean egindako lanari esker argitaratu dituzte orain arteko hiru aleak, eta horretan lanean jarraitzeko asmoa erakutsi du Lakak: “Beste hiru liburuxka egiteko haina hitz ditugula uste dugu. Orain arte bezala, joango gara liburuxkak argitaratzen, eta ondoren, webgune bat sortu eta modu digitalean eskuragarri ipini nahi ditugu. Oraingoz ez diogu amaierarik ikusten”.
Liburuxkei dagokienez, udalaren babesarekin argitaratu dituzte; udalak bere gain hartu du argitalpenaren kostua. Ale berria udaletxean dago eskuragarri, eta aurreko bi aleak ere, bertan edo euskara taldeko kideekin harremanetan jarriz eskuratu daitezke. Udalak, gainera, eskerrak eman nahi izan dizkie euskara taldeari egindako lanagatik: “Mila esker Mendexako Euskara Taldeari. Lan ederra egin duzue, eta emaitza bikaina da! Denon altxorra da hemen bilduta daukaguna”.
2024tik martxan. Lakak azaldu duenez, 2024an sortu zuten Mendexako Euskara Taldea: “Lea-Artibai euskararen arnasgunea zela bagenekien, baina apurka-apurka erabilera gutxitzen zihoala jakin genuen”. Hala, egoerarekin arduratuta, euskararen alde lanean hasteko beharra sumatu zuten: “Egoerari aurre egin nahian hasi ginen lanean. Gaur egun sei kidek osatzen dugu taldea, eta herriko egitasmoak bultzatu eta euskararen erabilera sustatzeko lanean ari gara. Oraingoz, herriko berben inguruko proiektu hau da esku artean daukaguna”. Era berean, gogorarazi du talde irekia dela, eta parte hartu nahi duen edonor gonbidatuta dagoela eurekin harremanetan ipini eta taldeagaz bat egitera.