Hegoalde globaleko etengabeko zapalkuntza izango dute hizpide
Euskal Herriko ordezkaritza talde batek Guatemalara, Hondurasera eta El Salvadorrera bidaiatu zuen iazko uztailean. Herrialde horietako trantsizio ekologikoa ezagutu du taldeak, besteak beste, eta horren ondorio zein sarraskiak Uhagon Kulturgunean aurkeztuko dituzte, barikuan (urtarrilak 9).
Guatemala, Honduras eta El Salvadorren izandako Euskal Herriko ordezkariak.Maria Ortega Guatemala, Honduras eta El Salvador bisitatu duten Euskal Herriko sindikatu, talde ekologista eta kazetari talde batek Gure bidaia Amerika zapaldu ahaztuenean: kapitalaren izenean, neokolonialismoa solasaldia antolatu dute barikurako (urtarrilak 9), 19:00etan, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Maria Ortega markina-xemeindar kazetariak, Jauzi Ekosozialeko kide den Arrate Zelaiak eta ELAko Roser Espeltek gidatuko dute saioa, halaber. Ortegak aurreratu duenez, “esplotazioaz, ustelkeriaz eta Bukeleren diktaduraz” hitz egingo dute, besteren artean.
Izan ere, 2025eko uztailean egin zuen Euskal Herriko ordezkaritza taldeak Guatemalara, Hondurasera eta El Salvadorrera bidaia, OMALek, Bakea eta Duintasuneko Multinazionalen Behatokiak antolatuta. Bidaia hori helburu argi bategaz egin zuten, kazetariaren hitzetan: Gaur egun hain modan dagoen trantsizio ekologikoa ezagutzea. “Trantsizio ekologikoa kapitalismoaren baitan egiten jarraitzen denez, bertara joan nahi genuen, bertako behategietara, horrek herrialdean bertan eragin dituen ondorio eta sarraskiak ikustera”, gaineratu du.

Besteak beste, Honduraseko Nueva Lempira komunitatean izan zen taldea.Maria Ortega
Hala nola, hegoalde globaleko etengabeko zapalkuntza azpimarratu du Ortegak: “Azken finean, gure jokutik kanpo dauden eta ezagutzen ez ditugun herrialdeak dira, eta beti pasatzen da berdina”. Gauzak horrela, jakinarazi dute bidaia horretan jasotako informazio zein jakintzak herriari eskaintzeko helburuari erantzunez antolatu dutela barikuko solasaldia.
OMALek, alegia, horren inguruan jarduten duen txosten bat kaleratu du, eta bidaian parte hartu duten talde guztiek sinatu dute. Txosten horren berri emango dute, besteak beste, Uhagonen, ze, esan dutenez, txosten hori zabaldu nahi dute.
Sarrera librea izango dela gogoratu dute antolatzeileek, eta animatzeko deia ere zabaldu nahi izan dute. Gainera, Markina-Xemeinen tankera horretako solasaldiak egin izan direnetan “erantzun ona” izan dutela nabarmendu du Ortegak, eta barikukoaren inguruan ere horixe da espero duena: “Uste dut herritarrek asko eskertuko dutela barikuko solasaldia. Oso eramangarria izango da, gure bizipenak, eta hain hurrun gelditzen zaizkigun herrialdeetako egoerak kontatuko ditugu. Era batera edo bestera, herriak egoera horiek ezagutzea nahi dugu; munduaren beste aldean gertatzen dena nolabait guregana hurbildu”.