"Balioak era goxo batean lantzeko tresna sortzea izan da helburua"
Pilar Arrieta idazleak eta Kaiet Bengoetxea marrazkilariak ‘Tete eta Tabi, gure lagun txikiak’ umeentzako liburua kaleratu dute, inklusioa eta enpatia bezalako balioak ardatz hartuta.
Pilar Arrieta eta Kaiet Bengoetxea.Uzuri Solozabal. Umeentzako literaturan hutsune bat ikusi, eta hortik sortu da Tete eta Tabi, gure lagun txikiak. Pilar Arrieta irakasle eta psikopedagogoak idatzitako ipuinak Kaiet Bengoetxea marrazkilariaren ilustrazioekin uztartu dira, 5 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako «istorio atsegin eta koloretsuan». Balioak modu ulergarrian lantzea da lanaren helburua, eta bide horretan, sortzaileek autoedizioaren aldeko apustua egin dute. Proiektuaren sorrera, prozesua eta etorkizuneko asmoei buruz aritu dira Arrieta eta Bengoetxea.
Nola sortu da Tete eta Tabi, gure lagun txikiak liburua?
Pilar Arrieta: Irakasle eta psikopedagogo gisa, ikusten nuen umeekin balioak lantzeko materialetan hutsuneak zeudela. Betidanik izan dut ipuinak idazteko zaletasuna, eta pixkanaka istorio bat osatzen hasi nintzen. Umeekin balioak era goxo batean lantzeko tresna bat sortzea izan da gure helburua. Behin idatzita, pentsatu nuen ipuin modura kaleratzeko aukera egon zitekeela, eta orduan jarri nintzen Kaietekin harremanetan. Bere marrazkiak ondo ezagutzen nituen, eta oso argi neukan berarekin egin nahi nuela.
Kaiet Bengoetxea: Elkarren berri bageneukan, eta Pilarrek proiektua azaldu zidanean, interesgarria iruditu zitzaidan hasieratik. Ideia garbia zuen, eta hori marrazkietara eramatea erronka polita izan da.
Nolakoa izan da prozesua?
P.A: Berehala konektatu genuen. Kuriosoa izan zen, ze biok idatzita eraman genuen ipuin bakoitzean nolako marrazkia irudikatzen genuen, eta bere ideiak eta nireak berdinak ziren. Kasualitate polita izan zen.
Autoedizioaren alde egin duzue azkenean. Zergatik?
Pilar Arrieta: Hasieran, editorialetara bidali genuen lana, baina ez genuen erantzunik jaso. Ulertzen dut lan handia dutela, baina erantzun bat behintzat espero genuen. Gure helburua ez da sekula izan honekin aberastea; ilusioa genuen liburua erakusleiho batean ikusteko. Azkenean, gure kabuz argitaratzea erabaki genuen.
K.B: Ilustrazioak 2025eko apirilerako amaituta nituen, baina prozesua luzatu egin zen. Azkenean, abenduan kaleratu dugu liburua.
Zein adin tarteri zuzenduta dago?
P.A: 5 eta 8 urte bitarteko umeei zuzenduta dago. Proba modura, 7 urteko lobari eman nion irakurtzeko. Urduri nengoen bere erreakzioa ikusteko, serio-serio baitzegoen irakurtzen. Ohetik altxatu, niregana etorri, eta asko gustatu zitzaiola esan zidan. Horrek lasaitasun handia eman zidan; umeak dira kritikorik onenak. Segituan Kaieti idatzi nion: ‘Kaiet, gainditu dugu azterketa, kritikoak ondo dagoela esan du eta!’ Kar-kar-kar.
Umeen ipuinen helburua, normalean, balioak transmititzea izaten da. Kasu honetan, zein balio lantzen dira?
P.A: Helburua beti izan da balioak modu atsegin batean transmititzea: enpatia, inklusioa, elkarrekiko laguntza… Azken bi atalak sakonagoak dira: batean, elikadura ohiturei eta inklusioari buruz hitz egiten dugu, eta azkena bullyingaren aurkakoa da. Mezu argia eman nahi genuen: ezin dela beste aldera begiratu.
Pilar Arrieta: Asetuta sentitu nintzen liburua lehen aldiz hartu nuenean. Prozesua luzea izan da, baina amaituta ikusteak dena konpentsatzen du.
Zaila izan da umeentzako ipuin bat ilustratu eta idaztea?
K.B: Umeentzako zerbait gozoa izan behar da, ezin da oso errealista izan. Pertsonaia borobil eta atseginak sortu nahi nituen. Pilarrek oso ondo zekien zer nahi zuen, eta ni bere ideiak iruditan islatzen ahalegindu naiz.
P.A: 42 urte daramatzat umeekin lanean, eta badakit nolakoak diren, baita nondik eta nola hitz egin behar zaien ere. Banekien nola idatzi istorioa, eta argi neukan umore apur bat ere izan behar zuela, bestela, aspergarria bihurtu baitaiteke.
Liburua euskaraz eta gaztelaniaz dago. Zergatik hartu duzue erabaki hori?
P.A: Umeek euskaraz irakurtzen dute, baina guraso batzuek ez dakite euskaraz. Bi hizkuntzetan egoteak aukera ematen du gurasoek ere istorioa jarraitzeko, eta, agian, apurka-apurka euskarara hurbiltzeko.
Zer sentitu zenuten liburua lehen aldiz eskuetan edukitzean?
P.A: Astetuta sentitu nitzen. Prozesua luzea izan da, baina liburua bukatuta ikusteak dena konpentsatzen du.
K.B: Bai, ni ere oso gustura gelditu naiz. Batzuetan ez dakizu azken emaitza nolakoa izango den, baina kasu honetan pozik gaude.
Aurrera begira, zeintzuk dira zuen asmoak?
P.A: Otsailean Bilboko liburu denda batean aurkezpena egingo dugu; izan ere, nik lan egiten dudan eskolaren aurreko liburu denda da, eta hilabetero ipuin kontalari saioak antolatzen dituzte. Proposamena jaso genuen, eta baiezkoa eman dugu. Herrian ere zerbait egitea gustatuko litzaiguke.
K.B: Horrelako proposamenetara irekita gaude.
Kaiet Bengoetxea: Umeentzako zerbait gozoa izan behar da, ezin da oso errealista izan. Pertsonaia borobil eta atseginak sortu nahi nituen.
Non erosi daiteke liburua?
K.B: Momentuz, Ondarroako Idiakez liburu dendan eta Goxo gozoki dendan dago salgai.