Lehen kontaktua eginda, txapelketari ekiteko prest
Asteburuan hasiko dute VIII. Nesken Zesta-Punta Txapelketa.
Mendibarren VIII. Nesken Zesta-Punta Txapelketa hartzeko prest dago. Harrobia, saretzea eta zesta-punta oinarri dituen lehia asteburuan hasiko dute. Berritxu Zesta Eskolako kideek, beste urte batez, Euskal Herriaren luze-zabaleko emakumezkoak kantxan bildu gura dituzte, baita atzerritik etorritakoak ere. Helburua argia da: “Zesta-puntaren gaurko eta biharko izarrak elkartzea, elkar eragitea, ikastea, eta harrobi lana egitea”.
Iragan asteburuan “lehen kontaktua” egin zuten, lehiari bete-betean heldu orduko. Bertan egon ziren, batik bat, Berriatua, Mutriku, Durango, Gasteiz edota Bermeotik bertaratu ziren pilotariak. Lehen jardunaldiari begira, “zapatu arratsaldean jokatzea” aurreikusten dute, beti ere kluben “aukeretara” moldatuta; izan ere, taldeei erraztasunak ematea bilatzen dute antolatzaileek, denek beren plaza eduki dezaten.
80 lagunetik gora espero dituzte, martxoaren 7ko finalaren bidean. Honakoak dira klub parte hartzaileen jatorriak: Berriatua, Markina-Xemein, Mutriku, Bartzelona, Gasteiz, Zumaia, Tolosa, Berriozar, Getaria, Bermeo, Pamiers, Miarritze, Noain, Durango, Andoian, Cabanillas, Hondarribia, Gernika-Lumo eta Paue. Klubek “begiz oso onez” hartu dute txapelketa azken urteotan, eta aurtengoak ere “bide beretik” jotzeko osagai guztiak ditu: “Goi mailako lehiaz harago, polita da denetariko maila, adin zein jatorridun puntistak elkarrekin ikustea; gaztetxoenentzako eskola onena da”