Lekeitioko Amaren Lurra Elkarteak ate irekiak egingo ditu bihar
Bihar, 19:00etatik 20:00etara, Amaren Lurra Elkartea ezagutzeko eta bazkide egiteko aukera egongo da Lekeitioko Maria Diaz de Haro kaleko dendan.
Amaren Lurra Elkartearen denda, Bilbon. Amaren Lurra. Amaren Lurra Elkarteak ate irekiak antolatu ditu biharko [urtarrilak 13] Lekeitioko Maria Diaz de Haro kalean duen dendan. Jardunaldia 19:00etatik 20:00etara izango da, eta helburua elkartea herritarrei gerturatzea, bere funtzionamendua azaltzea eta interesa dutenek bazkide egiteko aukera izatea da.
18 urteko ibilbidea du Amaren Lurra Elkarteak, eta urte hauetan bere filosofia eta helburuak finkatzen joan dela azaldu dute kideek. Gaur egun, elkartea nahiko egonkortuta dagoela diote, bai antolakuntzari dagokionez, bai hornitzaile sareari dagokionez ere: “Egonkortasun horrek herritarrei zabaltzeko aukera ematen digu. Horregatik antolatu ditugu ate irekiak, jende gehiagorengana heltzeko asmoz”.
Elkartea lan boluntarioan oinarritzen da, eta gaur egun 70 familia-unitatek osatzen dute, bazkidetza familiaka kontatzen baitute. Bazkidetza urtekoa 70 eurokoa da, baina bazkide izan gabe ere posible da dendan erosketak egitea, puntualki produktu jakin batzuk interesatzen zaizkien herritarrentzat. Elkarteko kideek gogorarazi dute herritarren batek bazkide egin nahi izanez gero amarenlurra@gmail.com helbidera idatzi beharko duela.
Eskaintzen duten generoaren zati handi bat bertakoa eta hurbilekoa da. Barazki fresko gehienak eskualdeko Kostabi ekoizleak banatzen dizkie, eta esnekiak Bizkaigainek. Frutaren kasuan, banaketa kooperatibo baten bidez lortzen dute, ahal den neurrian hurbileko ekoizpena lehenetsiz: Iraunkor. Nobedade gisa, laster proba bat hasiko dute Nafarroa Behereko Ganeta herriko Biok gaztandegiarekin.
Amaren Lurra Elkartearen denda astelehenetan, eguaztenetan, eguenetan egoten da zabalik, arratsaldez, eta goizez, ordea, zapatuetan. Ordutegi horietan bazkideek behar duten generoa hartu dezakete.
Kontsumo talde gisa, Amaren Lurra Elkartearen helburua hurbileko produktu osasuntsuen kontsumoa sustatzea da: “Bertoko hornitzaileekin lan eginez eta prezio justuak bermatuz, bai ekoizleentzat eta bai kontsumitzaileentzat. Horrez gain, merkatu libretik aldentzea ere bada gure helburua. Kontraesan guztiekin, jakina”.