Xemeingo Ahotsak ziklo koralak Xemeingo eliza bete du
Xemein Abesbatzaren 50. urteurrenaren baitan, 150 lagunetik gora bildu ditu Oskarbi Abesbatzaren eta Xemein Abesbatzaren kontzertuak.
Xemein Abesbatzako kideentzat ospakizun urtea da aurtengoa, izan ere, 50 urte bete dira 1976an lehenengo kontzertua eman zutenetik. Urtarrilaren 3an eman zieten hasiera urteurrenari kantu poteoagaz, eta zapatuan [urtarrilak 10] eduki zuten urteurreneko lehenengo ekintza: Xemeingo Ahotsak ziklo koraleko lehenengo kontzertuak musikaz bete zuen Xemeingo eliza.
150 lagunetik gora elkartu zituen Oskarbi Abesbatzaren eta Xemein Abesbatzaren kontzertuak, eta Mireia Ibarzabal Xemein Abesbatzako lehendakaria “pozik” agertu da jasotako erantzunagaz: “Kontzertua oso ondo egon zen, eta sarrera denak saldu genituen. Merchandising postu bat ere ipini genuen, eta jendea ilusioz etorri zen gauzak ikustera”. Adierazi dutenez, kontzertu “desberdina” izan zen eskaini zutena: “Egin ohi dugunetik desberdina izan zen. Lehenengo guk, Xemein Abesbatzak, abestu genuen, eta gero Oskarbikoek. Amaiera denok batera eman genion, elkarrekin abestuz. Kalean jendearengatik jaso dugunaren arabera, asko gustatu zitzaien kontzertua, eta pozik geratu ziren. Oskarbi taldekoekin ere egon gara, eta eurak ere oso pozik eta oso gustura geratu ziren kontzertuagaz”.
Hala, urteurreneko lehenengo ekintzaren erantzunagaz pozik geratu dira Xemein Abesbatzako kideak, eta eskerrak eman dizkiete herritarrei babesa erakutsi izanagatik. Zikloko gainontzeko kontzertuak ere Xemeingo elizan izango dira, 19:30ean, eta hurrengoa urtarrilaren 24an izango da: “Suhar Koruaren txanda izango da hurrena. Gizonezkoen korua da, eta duela urte batzuk hasi ziren”. Esteban Urzelai da zuzendaria, eta 2023an Tolosako Abesbatza Lehiaketa irabazi zuten.
Azken bi kontzertuak otsailaren 14an Bilboko Korala eta martxoaren 14an Kantika Korala izango dira. Jakitera eman dutenez, sarrerak salgai daude 10 euroren truke Taten, Kareaga jostailu dendan eta Ulemotx ileapaindegian; era berean, euren sare sozialen bitartez ere sarrerak erreserbatzeko aukera ematen dute.

Xemein Abesbatzako eta Oskarbiko abeslariak, zapatuan [urtarrilak 10].Xemein Abesbatza