Abian da Lekeitioko III. Gomazko Paleta Txapelketa
Iragan barikuan [urtarrilak 9] ipini zuten abian Lekeitioko Gomazko Paleta Txapelketaren III. ekitaldia, eta asteburu osoan zehar pilota nagusi izan da Ispasterko pilotalekuan: zazpi partidu eduki ditu lehiaketaren lehendabiziko jardunaldiak. Akarregi Pilota Elkarteko antolakuntza lantaldeak txapelketa hasieraren “balorazio positiboa” egin du, hala giro aldetik, nola pilotarien jarrerari dagokionez “hasiera polita” utzi dutela azpimarratuta: “Lehenengo neurketek argi eta garbi utzi dute aurten ere maila handiko pala txapelketaz gozatzeko aukera egongo dela; asteburu osoko partiduak gogorrak eta ikusgarriak izan dira, bereziki, lehen eta bigarren mailakoak”.
Lehen jardunaldiak utzitako zazpi emaitzei dagokienez, honakoak izan dira: Iturraspe-Solaguren 10 eta Urizar-Lete 25; Casais-Iriondo 25 eta Azeri-Diaz 22; Aranburu-Larrañaga 2 eta Ainhoa-Mugartegi 25; Zabala-Goitia 16 eta Mendez-Guriña 25; Amias-Ruso 25 eta Belarri-Burgain 16; Andere-Ainhoa 5 eta Esti-Itsasne 25; azkenik, Mendibe-Orme 21 eta Iturbe-Hormaetxe 25.
Gainera, lehiak ez du etenik: gaur, biher, etzi arratsaldez eta zapatu goizez zein arratsaldez ere partiduak aurreikusita daude.