Askotariko solasaldiak eta ikastaroak egongo dira datozen asteetan Etxelilan
Urtarrilaren 21ean [eguaztena] Victoria Zarate Zuritari buruzko solasaldi irekia egongo da Etxelilan, 18:30ean, Maite Zarate Alvarezen eskutik.
Hilabetero legez, urtarrilean eta otsailean ere hitzaldi eta ikastaro ezberdinak egongo dira Ondarroako Etxelilan.
Solasaldi irekiei dagokienez, datorren eguaztenean [urtarrilak 21] egongo da urtarrilekoa, Maite Zarate Alvarez Ondarroako Euskal Wikiemakumearen eskutik. Victoria Zarate Zurita (1893-1964) maistra, errepublikarra eta sindikalistari buruz egindako ikerketa aurkeztuko du: “Emakumeen ekarpena isildua, ezezaguna izan da. Euren bizitza eta pentsaera ezagutzea eta irakasleen belaunaldi oso batek egindakoak argira ateratzeko ahaleginean, Victoriaren bizitza ikertu, ezagutzera eman, oroitzea eta aintzat hartzea dagokigu ondorengoei”.
Otsailean bi solasaldi egongo dira Etxelilan. Batetik, Eihera eraldaketa feminista eta LGTBIQ+ kooperatibako kide den Iñi Etxezarreta Tocak Eraso matxistak eta hauen kudeaketa: zein da gizonon erantzukizuna? nola jokatu? hitzaldia eskainiko du otsailaren 4an, 18:00etan. Saioa dohainik izango da baina izena eman beharko da.
Bestalde, otsailaren 10ean Feminismo materialistaren sarrera hitzaldia eskainiko du Mijo Lizarzaburu filosofa eta militante transfeministak. “Feminismo materialista, XX.mendean sortutako pentsamendu korrontea, aztertuko dugu. Horren arabera, gizon eta emakumeak esplotazio harremanak definitutako bi klase antagoniko dira, helburua ez da gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, bizik eta bi klaseekin bukatzeko borroka artikulatzea”.
Ikastaroei dagokienez, bihar [urtarrilak 14] hasiko da Zoru pelbikoa lantzen ikastaroa Nagore Basterra Berridi fisioterapeuta eta osteopataren eskutik. Hiru aldiz errepikatuko du ikastaroa Basterrak: urtarrilaren 14a, 21a eta 28a, otsailaren 4a, 11, 18a, eta 25a, eta martxoaren 4a, 11 eta 18a. Ikastaroa behin egiteko aukera egongo da soilik eta izena emateaz gain 15 euro ordaindu beharko dira. Saio guztiak 12:00etatik 13:00etara izango dira. “Ikastaro honetan gure gorputzei egokitutako jakintza geureganatuko dugu, nola zaindu eta nola landu ariketa hipopresiboen bidez. Ariketa horien bidez, emakumeek urteen eraginez izen ditzaketen arazoak tratatu, gutxitu edo eragozteko balio dute hipopresiboek”.
Horrez gain, Nola hitz egin jende aurrean ikastaroari ere emango diote hasiera urtarrilean. Idoia Eizmendi Aldasoro berdintasun teknikari eta kazetariak dinamizatuko du, eta matrikulazioa 15 euro ordaindu beharko dira. Bi ikastaro egongo dira: lehenengoa, urtarrilaren 15ean, 22an eta 29an izango da, eta bigarrena, otsailaren 5ean, 12an eta 19an. 17:30etik 20:00etara bitartean izango dira ikastaroak. “Ikastaroaren bitartez hitz egiteko trebetasuna eta ziurtasuna garatuko dugu. Horretarako, ditugun beldurrak identifikatu eta aztertuko ditugu, eta beldur horiei aurre egiteko tresnak praktikan jarriko ditugu, beti ere, generoak komunikazio prozesuan duen eragina kontuan hartuz. Horrez gain, diskurtsoaren osaketan jarriko dugu arreta, baita ere. Metodologia parte-hartzailea izango da, teoria, talde hausnarketa eta praktika uztartuz”.