Bolumen handiko trasteak bilduko dituzte Aulestin, Munitibarren eta Mendexan
Datozen asteetan bolumen handiko trasteak bilduko dituzte Munitibarren, Aulestin eta Mendexan.
Mendexa, Aulesti eta Munitibarko Udalek jakitera eman dutenez, datozen egunetan traste handien bilketa egingo dute aipatutako udalerrietan.
Munitibarren eguen goizean [urtarrilak 15] egingo dute bilketa. Halaber, bolumen handiko trasteak bota nahi dituen herritarrek eguazten iluntzean [urtarrilak 14] atera beharko dituzte, eta Mankomunazgoko kamioiak jasoko ditu biharamunean. Trasteak beste lekuren batera atera nahi dituen herritarrak Mankomunazgora deitu beharko du. Munitibarko Udaletik bota ezin den materialaren zerrenda argitaratu dute: “Bolumen txikiko hondakinak, arropak, pinturak, aerosolak, olioak eta disolbatzaileak, butano bonbonak eta camping gasak, erradiografiak, etxeko zabor organikoa, lorezaintzako hondakinak eta identifikatu gabeko beste hondakin batzuk. Izan ere, aipatutako hondakinak garbigunera eramatea norberaren ardura da”. Urtarrileko dataz gain gainerakoak ere argitaratu ditu udalak: apirilak 9, uztailak 9 eta urriak 8.
Urtarrilaren 22an [eguena] batuko dira tamaina handiko hondakinak Aulestin, eta ondorengoak izango dira bota ezin daitezkeen hondakinak; besteak beste, bonbonak, obra-hondakinak, kristala, beira, gurpil azalak, lanparak, fluoreszenteak, pilak, su-itzalgailuak, olioak, pintura, bateriak, plastikoak eta arriskutsuak izan daitezkeen hondakinak. Aulestiko Udalak jakinarazi bezala, Torrezelain, Plazako goiko aldean, Sololuziako bidegurutzean eta Solaguren 1 (okindegiaren ondoan) utzi beharko dira tamaina handiko hondakinak. Munitibarren bezala, aurreko gauean edo egunean bertan goizeko 07:00ak baino lehen atera beharko dira trasteak.
Bestalde, Mendexan ondorengo egunetan atera beharko dira bolumen handiko trasteak: otsailak 4, apirilak 29, uztailak 29 eta urriak 28. “Botatzeko trasteak zakarrontzi alboan utzi beharko dira, kamioiak batu ditzan hurrengo eguneko 09:00etarako”.