Lea-Artibai eta Mutrikuko GKSk urtarrilaren 31n "faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka" mobilizatzeko deia egin du
Eskualdeko Gazte Koordinadora Sozialistako kideek adierazi dute "lehentasunezkoa eta ezinbestekoa" dela mobilizatzea, "ideia erreakzionarioei, estatuen erreforma autoritarioei eta hedatzen ari den faxismoari" aurre egiteko.
Mutrikuko gazte komitea.Lea-Artibai eta Mutrikuko GKS Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 31rako mobilizazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka lelopean. Deialdi horren harira, Lea-Artibai eta Mutrikuko GKSko kideek adierazi dute gaur egungo testuinguruan “lehentasunezkoa eta ezinbestekoa” dela mobilizatzea, “ideia erreakzionarioei, estatuen erreforma autoritarioei eta hedatzen ari den faxismoari” aurre egiteko.
Azaldu dutenez, mobilizazioaren helburu nagusietako bat da “Euskal Herrian faxismoari antolatzen, normalizatzen eta bere ideiak zabaltzen uzteko aukerarik ez dagoela” erakustea, eta horren aurrean “indar handi bat” dagoela argi uztea. Era berean, gainontzeko herrialdeetako langile klaseari mezu bat helarazi nahi diete: “Gazte eta langile klasearen artean dena ez da erreakzioa, eta milaka gazte prest gaude bai faxismoari eta bai sistema kapitalistari aurre egiteko”.

Ondarroako aurkezpena.Lea-Artibai eta Mutrikuko GKS
GKSren irakurketa politikoaren arabera, azkenaldian faxismoa eta ideia erreakzionarioak indartzen ari dira: “Faxismoa eta idea erreakzionarioak indartsu hedatzen ari dira azken aldian: alderdi faxistak gorantz doaz, geroz eta antolakunde ideologiko faxista gehiago ari dira sortzen eta kale mailako talde biolentoen presentzia normalizatzen eta ugaritzen doa”. Era berean, azpimarratu dute faxismoa ez dela “inondik inora langile klasearentzat alternatiba”: “Faxismoak bere burua sistemarekiko alternatiba bezala saldu nahi digun arren, argi daukagu ez direla inondik inora ere langile klasearentzat alternatiba. Kontrara, langile klasearen, herri zapalduen eta koletibo minorizatuen aurkako gorroto ideologia bat da: ideia matxistak, arrazistak, supremazistak, ultranazionalistak, inperialistak eta klasistak zein baztertzaileak dituena”.
Testuinguru horretan kokatu dute estatuen norabide autoritarioa ere: “Sistema kapitalista krisian aurkitzen delarik, ez da kasualitatea faxismoaren agerpena; izan ere oligarkiak norabide autoritario batean erreformatu nahi ditu estatuak, eta prozesu horretan faxismoak funtzio estrategikoa betetzen du”. Adierazi dute bi joerek estatu autoritario baten alde egiten dutela, “non langile eskubideak ezabatu, poliziak botere gehiago eduki eta erabat militarizatuko duten estatua, orden soziala mantenduz”.

Lekeitioko aurkezpena.Lea-Artibai eta Mutrikuko GKS
Ekintzak. Deialdi nagusi horren bueltan, Lea-Artibai eta Mutrikuko GKS hainbat jarduera antolatzen ari da. Azaldu dutenez, mobilizazioaren aurkezpenak, egitarauak eta bestelako ekintzak egiten ari dira herriz herri, faxismoaren eta autoritarismoaren aurkako mezua zabaltzeko eta jendea urtarrilaren 31ko mobilizazioetara deitzeko. Horrez gain, gazte komiteak ere antolatu dituzte, eta ekarpena egin nahi duen pertsona oro gonbidatu dute bertara; komiteetan, mobilizazioaren inguruko testuingurua lantzeaz gain, lanen banaketa ere egiten dute.
Jakinarazi dutenez, datozen asteetan ekintza eta egitarau berriak iragarriko dituzte euren sare sozialetan, eta urtarrilaren 31n Bilboko mobilizaziora joateko autobusak antolatuko dituzte Lekeitiotik, Ondarroatik eta Mutrikutik abiatuta.
Aurkezpenak ikastetxeetan. Era berean, Ikasle Antolakunde Sozialista ere mobilizazioaren prestaketetan ari da. Datorren astean hainbat aurkezpen egingo dituzte eskualdeko ikastetxeetan, eta datozen egunetan ikasle komiteak jarriko dituzte martxan. IAStik jakinarazi dutenez, urtarrilaren 20an Azkue Ikastolan eta Lekeitio BHIn egingo dituzte aurkezpenak; urtarrilaren 22an, Ondarroako eta Mutrikuko BHIn; eta urtarrilaren 23an, Zubi Zahar Ikastolan.

Mutrikun antolatutako egitaraua.Lea-Artibai eta Mutrikuko GKS