Ikuskizun paregabea eta giro ederra egon da Barinagako San Anton jaietan
Atzo [urtarrilak 16] hasi eta bihar [urtarrilak 18] amaituko dituzte Barinagako San Anton jaiak. Gaur [urtarrilak 17] VI. Kalamua-Barinaga jaitsiera egin dute, eta Pello Gerrikaetxebarriak eta Mayi Mujikak jantzi dute txapela. Arratsaldean 'Eukalyptus' antzezlana egongo da frontoian, eta eguna amiatzeko bertso afaria egingo dute.
Iaz eguraldia lagun eduki zuten auzotarrek Barinagako San Anton jaietan, baina aurtengoan euri langarra izan da nagusi. Hala ere, hori ez da aitzakia izan bertaratu diren denentzat, eta ikuskizun paregabea ikusi eta giro ederraz gozatzeko aukera eduki dute.
Goiza VI. Kalamua-Barinaga jaitsieragaz hasi dute. “Goitik behera egiten den lasterketa bakarra ez bada, bakarrenetarikoa da, eta horrek berezia egiten du”, adierazi dute antolatzaileek. Eta horren erakusle izan da lasterketan parte hartu duten 32 kirolarien jatorria: “Bertoko eta inguruetako askok parte hartzen dute, baina urrunagotik ere etortzen dira: Zaldibar, Bilbo, Mallabia, Durango… Asko pozten gaitu eta ilusio handia egiten digu halako auzo txiki bateko jaietara horrenbeste jende etortzea”. Hala, Mayi Mujika Elgoibarren bizi den legazpiarrak eta Pello Gerrikaetxebarria zornotzarrak jantzi dute txapela.
12:00etan hasi dute lasterketa, erlojupeko eran, Kalamuako puntatik. Ikuskizun ederra eskaini dute korrikalariek auzora heltzerako: lasterketako azken metroak igarotzeko norberak erabaki du bere ibilbidea, eta izan da bidean erori denik ere; hala, bertaratutakoen txalo eta animorik ez da falta izan.
Iaz bigarren sailkatu zen zornotzarra, 11 minutu eta 48 segundoko markagaz, eta aurten 11 minutu eta 2 segundo behar izan ditu helmugaratzeko; kilometroa, bataz beste, 02:58 minutuan egin du. Bigarren postuan, ostera, Iskander Agirrebeitia zaldibartarra heldu da, 11 minutu eta 59 segundoko marka eginda, eta Josu Bereziartua etxebarritarrak osatu du podiuma, 12 minutu eta 3 segundoan lanak amaituta.
Mujikak bost aldiz parte hartu du lasterketan eta bostetan eskuratu du txapela; iazko 14 minutu eta 24 segundoan amaitu zituen lanak, eta aurtengoan, 14 minutu eta 8 segundo behar izan ditu hemugara heltzeko; kilometroa 3:49 minutuan egin du. Podiuma Jone Albisua zarauztarrak (00:15,58) eta Ane Uriondo gizaburuagarrak (00:16,38) osatu dute.

Bi irabazleak ados daude Barinagakoa “proba berezia” dela esaterakoan. Mujikak aitortu duenez, harentzat lasterketa “oso oso polita” da: “Urte batean izan ezik, gainontzeko denetan etorri naiz. Lasterketa oso oso polita da, eta etxean bezala sentitzen naiz dagoeneko. Ez dut beste lasterketarik ezagutzen aldapan behera denik, eta hori jakin nuenean, parte hartzera animatu nintzen. Aldapan behera den arren, ez da lasterketa erraza: 14 minutu inguru dira baina dena emanda”. Gaineratu du arriskutsua ere badela, baina, horrek ere berezi egiten duela: “Ni geroz eta distantzia luzeagoetan ibiltzen naiz, eta gogorrak egiten dira 14 minutu horiek, baina, oso politak ere bai. Lasterketa arriskutsua ere bada, baina berezia eta polita ere bai horregatik”.Â
Gerrikaetxebarriak ere, urte batean izan ezik, gainontzeko denetan parte hartu du. Antolatzaileek lasterketako ibilbidea aldatu dute, eta zornotzarrak gustura hartu du aldaketa: “Lasterketa ondo joan da. Aurten ibilbide berriarekin azkenengo zatia apur bat teknikoagoa izan da, eta oso ondo egon da, gustatu zait. Gainera, gaur bidea korrika egiteko nahiko ondo egon da, ez da lokatz askorik egon, beraz, dena emateko moduan irten naiz”.
Bi irabazleentzat galdu ezin duten urteroko hitzordua da Barinagakoa, eta ahal duten heinean, datorren urtean ere itzuliko direla hitzeman dute. Hala, irabazleentzako sariak banatzeaz gain, kopauaren ostean hainbat produkturen zozketa egin dute partaide denen artean, eta bat baino gehiago eskuak beteta itzuli dira etxera.

VI. Kalamua-Barinaga jaitsierako irabazleak.
Lasterketa amaitu eta berehala hasi dituzte euren lanak artzainek ere. Artzain txakurren erakustaldia eskaini dute Igor Elordi auzotarrak eta Ipar Arrinda lekeitiarrak alde batetik, eta Jon Olivares zeanuritarrak eta Mikel Etxebarria dimoztarrak, bestetik; zenbait lan bakarka egin ostean, eskualdeen arteko lagunarteko lehia egin dute. Esatari lanetan, ostera, Iñaki Urberuaga aulestiarra aritu da.

Igor Elordi barinagarra.
Jai bete-beteak.Goizeko jarduna amaituta, arratsalde eta gau bete-betea dute aurretik auzotarrek. 17:00etan hiru txirlo txapelketa egingo dute auzoko bolatokian, eta 18:30ean Eukalyptus antzezlana ikusteko aukera egongo da frontoian. Antzeana amaitu eta bertaratzen direnak gose direnerako prestatuko dute afaria auzotarrek: “100 lagun inguru elkartuko gara afarian, gogoz gaude”. Hala, urtez urte Barinagan hutsik egiten ez duten bi bertsolari entzuteko aukera egongo da: Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña. Eguna amaitzeko Laja II eta Lutxurdio trikitilariak ariko dira, eta goizaldean berakatz zopa jango dute.
Atzo [urtarrilak 16] “oso ondo” hasi zituzten jaiak auzotarrek: “Lehenengo pilota partiduak eta pala txapelketako finalak egon ziren, eta jendetxoa etorri zen. Iluntzean poteoa eta su artifizialak eduki genituen, eta gustura egon ginen auzotarrok. Jai gogoz geunden, eta ilusioa egiten du jaiek horrelako erantzuna dutela ikusteak”.Â