EBren araudi berriaren aurrean, arrantzaleen kofradiek jarduna eten dute
Europar Batasunak jarritako araudi berriaren "aurka" agertu dira kofradiak, "betebehar polemikoak inposatzen" dizkietelako; besteak beste, porturatzeko abisua lau ordu lehenagoa eman behar izatea eta harrapaketak "zero kilotik" erregistratu behar izatea.
Arrantzaleen kofradiek jarduna eten dute gaur [urtarrilak 19]. Europar Batasunetik etorritako kontrol araudi berrien aurrean lonjak itxi dituzte protesta gisa, araudia ez delako “sektoarearen errealitatera egokitzen”. Ezarritako kontrol neurri berriak “betebehar polemikoak inposatzen” dizkietela azaldu dute kofradiek; besteak beste, porturatzeko abisua lau ordu lehenago eman behar izatea, eta harrapaketak “zero kilotik” egin behar izatea. Honen aurrean, arrantzaleen kofradiek “bidezko araudi bat” eskatu dute, arrantza sektorearen errealitatera egokituko dena eta adostua izango dena.
Neurriei dagokienez, kofradiei “onartezina” iruditu zaie portuako baino lau ordu lehenago abisua eman behar izatea: “batez ere kaitik hurbil arrantzatzen duten eta 24 ordu baino gutxiagoko mareak egiten dituzten ontzien kasuan”. Harrapaketaren erregistroa “zero kilotik” egin behar izatearen neurriaren aurrean ere “kontra” agertu dira kofradiak, izan ere, neurria errealitatetik “deskonektatuta” dagoela esan dute: “Ontzia mugitzen ari den bitartean eta arrantzatzen ari direla arrantzaleek arraina pisatzea nahi dute, ezjakintasuna da hori”.
Arrantzaleen kofradiak dirua galtzera “behartzen” dituzten neurriak direla salatu dute: “izapide burokratiko bat betetzeko helburu hutsarekin. Alferrikako neurria da, ez delako eraginkorra eta guztiz kaltegarria delako”. Europar Batasunak jarritako araudia urriaren 10ean sartu zen indarrean, 12 metrotik gorako itsasontzietan.
Horregatik, protesta gisa, gaurko jarduna eteteaz gain, bihar [urtarrilak 19] elkarretaratzea egingo dute, 16:00etan, Espainiako Gobernuak Bilbon eta Donostian dituen ordezkaritzen aurrean.