Goi-goitik agurtu dituzte San Anton jaiak
Antolatzaileek jaien balorazio ona egin dute: "Nahiz eta eguraldi aldakorra egin duen, euria egonda ere jendea etorri da".
VI. Kalamua-Barinaga jaitsierako partaideak. Hiru eguneko jardunaren ostean, atzo [urtarrilak 18] eman zieten amaiera Barinagako San Anton jaiei. Auzotarrek euren onena emanda agurtu dituzte auzoko jaiak, eta antolatzaileek balorazio ona egin dute: “Jaiak oso ondo joan dira, balorazio oso ona egin dugu. Nahiz eta eguraldia apur bat aldakorra izan den, euria egonda ere jendea etorri da”.
Atzo [urtarrilak 18], meza nagusiaren ostean, auzoko jubilatuek elkartzeko eguna izan zuten, eta 19 jubilatu elkartu ziren: “Gustura egon ziren bazkarian”. Bazkalostean, aldiz, briska txapelketa egin zuten: “27 bikotek parte hartu zuten, eta Jabier Armaolea eta Josean Arrate izan ziren irabazleak”.
Zapatu goizean [urtarrilak 17] ikuskizuna eta giro ederra izan ziren nagusi, VI. Kalamua-Barinaga jaitsieran eta artzain txakurren erakustaldian. Arratsaldea, aldiz, hiru txirloko txapelketagaz hasi zuten, eta Asier Azkarate izan zen irabazlea. Bigarren postuan, ostera, Jabier Osoro geratu zen. 18:30ean hasi zen Eukalyptus antzezlana auzoko elizan, eta egunez aldatuta, erantzun “ona” eduki zuela adierazi dute antolatzaileek: “Egunez aldatu genuen, eta pozik. Herrian beste zenbait ekintza ere bazeuden, eta izan daiteke horrek ere eragina eduki izana. Hala ere, 50 pertsona inguru elkartu ginen, eta pozik gaude erantzunagaz“.
Eguna amaitzeko bertso afaria egin zuten Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña bertsolariekin: “Askok azken momentuan erosten dute afarirako tiketa, eta horrek zalantzan jartzen gaituen arren, beti erantzun ona edukitzen du. Aurtengoan ere 100 pertsona inguru elkartu ginen afarian”. Urteroko hitzordua dute Ibarzabalek eta Egañak Barinagakoa, eta aurten ere, entzuleen gustuko bertsoak bota zituzten: “Bi bertsolariak urtero etortzen dira, eta ezagutzen dute bai lekua eta bai jendea, eta aurtengoan ere oso ondo aritu dira. Gustura egon ginen eurei entzuten”.
Txapelketetan sari ugari banatuta, errifen zozketa ere egin zuten. Hiru asteburupasa zozketatu dituzte, eta lehen bi irabazleak agertu dira jada: Marian Lejardi (2560) eta Josu Villar (1338) . Hirugarren zenbaki saritua, ostera, 1058 izan da, eta 1287 da ordezkoa; errifa saritua edukiz gero antolatzaileekin harremanetan ipintzeko eskatu dute.