Jakak eta Iztuetak txapelketako bosgarren puntua lortu dute Markina-Xemeinen
Eskuz Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldian 22 eta 15 irabazi diete Peñari eta Imazi. Agirre-Morgaetxebarriak, ostera, 22 eta 21 irabazi diete Egiguren V eta Aldaberi.
Uni frontoian jokatu zuten partidua.R. Azkurre Markina-Xemeingo frontoian giroa bero egon zen zapatuan [urtarrilak 17], Eskuz Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldia ikusteko. Jaka-Iztueta eta Peña II-Imaz bikoteen arteko lehia ikusteko aukera egon zen, eta bi biek ligaxkako bosgarren puntua eskuratzeko asmoz gogor borrokatu bazuten ere, partidua 22 eta 15 amaitu zen, Jakaren eta Iztuetaren alde.
Markina-Xemein Esku Pilota taldeak eta Markina-Xemeingo Udalak antolatu zuten ekitaldia, eta antolatzaileak “gustura” geratu dira erantzunagaz: “Ondo erantzun zuten zaleek, eta partidu onak eta lehiatuak ikusteko aukera egon zen. Gustura geratu gara aurtengoagaz”.
Lau punturekin heldu ziren Markina-Xemeingo Uni frontoira bi bikoteak, bosgarren puntua eskuratu eta sailkapenean atzeko postuetan ez geratzeko asmoz. Imazekin Artola jokatzekoa zen arren, bigarren jardunaldiz jarraian ezin izan zuen jokatu, eskuetako arazoen eraginez; hala, Peña II.ak hartu zuen haren tokia.
Hala, jokoaren joan-etorriek markatu zuten lehia. Jaka eta Iztueta indartsu kantxaratu ziren, eta hutsik egin barik, markagailuan 8-0 eskuratuta aurretik ipini ziren. Halabaina, Peña eta Imaz ez ziren atzean geratu, eta pixkanaka markagailua berdinduz joan ziren: lehenengo atsedenaldira 12 eta 8koagaz joan ziren, eta ostean aurrea hartu zuten (12-14). Jakak eta Iztuetak berriro ere partiduan sartzeko aukera eduki zuten, eta hala, Peñak eta Imazek tanto bat gehiago baino ez zuten egin, partidua 22 eta 15 amaitu zen arte.
Agirre-Morgaetxebarria eta Egiguren V-Aldabe bikoteek girotu zuten frontoia Binakako Txapelketaren aurretik, eta ikuskizun ederra eskaini zuten. Izan ere, partida borrokatua eta berdindua izan zen, eta markagailuak bi bikoteetako edonoren alde egin ahal bazuen ere, 21 eta 22 irabazi zuten Agirrek eta Morgaetxebarriak.
- Denbora: 65 minutu.
- Pilotakadak: 5921 pilotakada.
- Tantoak: 11 Jakak, 2 Iztuetak, 4 Peña eta 2 Imazek.
- Sakeak: 3 Jakak eta 3 Peñak.
- Akatsak: 1 Jakak, 2 Iztuetak, 4 Peñak eta 2 Imazek.
- Markagailua: 8-0 / 8-5 / 10-5 / 10-8 / 12-8 / 12-14 / 13-14 / 13-15 / 22-15.