Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauak Akerbeltz Gaztetxea bete dute
Zapatuan [urtarrilak 17] Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauek laugarren jaialdia ospatu zuten Markina-Xemeinen. Antolatzaileek jaiaren balorazio "positiboa" egin dute.
'Erresistentzia desbiatuak herrietan' mahai-ingurua.Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauak. Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean batu ziren zapatuan [urtarrilak 17] Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauak, Desbiauen laugarren jaialdia ospatzeko. Antolatzaileek egunari buruzko lehenengo balorazioa egin dute: “Oraindik ez gara batu balorazioa egiteko, baina printzipioz dena oso ondo joan zen. Beraz, lehenengo balorazioa oso positiboa da. Izan ere, giro oso ona egon zen egitaraua hasi zenetik amaitu zenera arte, eta aurreikusi baino jende gehiago etorri zen arratsaldeko ekintzetara, ez bakarrik gaueko eskaintzara”.
Erresistentzia desbiauak herrietan mahi-inguruagaz eman zioten hasiera egunari. Juanes Montoya lekeitiarrak, Enetz Ximeno ondarrutarrak eta Esti Arriola berriatuarrak hartu zuten hitza, eta Maria Ortega markina-xemeindarra arduratu zen dinamizazioagaz “Hitzaldia oso interesgarria izan zen: hunkigarria eta edukiz sakona. Jende pila bat etorri zen eta bete egin zen gaztetxea. Gainera, mahai-inguruko parte hartzaileak eskualdekoak zirenez, garrantzi berezia zeukan guretzat eskualdeko jendea etortzea; izan ere, eskualdetik eta eskualderako antolatutako jaia da gurea. Askotan marko teorikoa jartzen dugu baina hori nola materializatzen den ikustea falta zaigu, eta hori izan zen zapatuan ikusi genuena. Batek baino gehiagok esan ziguten ea jarraipena noiz izango duen mahai-inguruak”. Ondoren, jolas parte-hartzaileen txanda izan zen: “Oso ondo atera zen dena, eta jendeak asko parte hartu zuen. Jarritako helburuak bete genituen”.
Nahiz eta euria egon, 20:00etan karropoteorako batu ziren guztiak: “Euria eta hotza egon arren karropoteoa egitea erabaki genuen. Garrantzitsua iruditzen zaigu herria eta kaleak hartzea; beraz, kalera atera ginen”. Ondoren, gaztetxera egin zuten buelta, eta afaltzeko bokatak banatu ondoren, gaueko eskaintzaren ordua iritsi zen: “Idadeoiaren kontzertua egon zen lehenengo, eta gero, taldeko kideok oholtzara igo eta Gu ga desbiauk abestiaren dantza egin genuen. DJ Siwanabak eta SJ MJPQ-k eman zioten amaiera jaiari”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauetako kideak “pozik” agertu dira zapatuko jaialdiagaz: “Orokorrean oso giro ona egon zen. Jendea asko etorri zen, eskualdetik zein eskualdetik kanpo, eta ez genuen inolako arazorik ezta ezustekorik eduki. Orain, aje emozionala pasatu eta aurrera begira jartzea tokatzen zaigu, ikasturtea oraindik ez da amaitu eta”.