Solabarrietak eta Badiolak garaipenez hasi dute FEDC Kopa
Argazkia: Ager Solabarrieta. Ager Solabarrietak tiratzaileak eta Maite Badiola laguntzaileak eska zitekeen modurik onenean abiatu dute urtea. Iragan asteburuan, Sevillara bidaia egin zuten, bertan lehiatu baitzuten denboraldiko FEDC Koparen estreinako jardunaldia. Zapatuan [urtarrilak 17] eta domekan [urtarrilak 18] eduki zituzten ondarrutarrek lehiaketa saioak, eta bai batean, bai bestean beren ohiko goi maila plazaratu zuten.
Zapatuan, zutikako lanetan eta finalean, bietan ala bietan, lehen postua poltsikoratu zuten. Domekan, etzandako lanetan bigarren postua lortu zuten; aho zapore “gazi-gozoa” utzi zien proba hark. Edozelan ere, sentsazioak berreskuratzeko aukera eduki zuten finalean, lehen postua eskuratu baitzuten. Ondarrutarrek “ezin hobeto” biribildu dute lehendabiziko jardunaldia, lortutako emaitzekin “oso pozarren“.

Argazkia: Ager Solabarrieta.