Euskal Kostaldeko Geoparkeak Geoparkearen Tour Birtuala aurkeztuko du Fitur azokan
Bihartik domekara arte Fitur nazioarteko turismo azokan parte hartuko du Euskal Kostaldeko Geoparkeak Madrilen.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak Fitur nazioarteko turismo azokan parte hartuko du bihartik [urtarrilak 21] domekara bitartean [urtarrilak 25], eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako gunean zein Munduko Geoparkeen Espainiako Sarearen standean izango du presentzia. Hala, Euskal Kostaldeko Geoparkeak Geoparkearen Tour Birtuala aurkeztuko du aurtengo azokan.
Bihar [urtarrilak 21], 14:00etan, Geoparques standaren inaugurazioan parte hartuko dute Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariek, eta etzi [urtarrilak 22], proiektu berriaren aurkezpen ofiziala egingo dute: Geoparkearen Tour Birtuala. “Gure lurraldea, baliabideak et nortasuna ingurune digitalean erakusteko tresna da. Lehendabiziko aurkezpena 15:00etan Euskadiko standean egingo da; ondoren, 17:00etan, Geoparques standean erakutsiko da Tour Birtuala“, azaldu dute Geoparkeko ordezkariek.
Fitur azoka turismo sektoreko “erreferentziazko ekimena” bihurtu dela azpimarratu dute Geoparkeko ordezkariek: “Bere ibilbide luzean topagune globala eta negoziorako plataforma ere bilakatu da turismo industriako profesionalentzat”. Gainera, lehen hiru egunetan bisitari profesionalei bakarrik irekitzen bazaie ere, asteburuan publiko orokorrarentzat irekita egongo da.