Gipuzkoako Herriartekoa bueltan dago
Bederatzi urteren ondoren, taldekako txapelketa jokatuko dute gipuzkoarrek. Lau fasetan banatuta lehiatuko dute; lehenengo fasea martxoaren 28ra bitartean jokatuko dute, eta finala maiatzaren 30ean izango da, Aian.
Argazkia: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea Herriarteko Txapelketa jokatuko dute Gipuzkoan, maiatzera bitartean. Hain zuzen ere, hirugarren taldekako txapelketa izango da, aurreko biak 1999an eta 2017an izan baitziren. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko ordezkarien hitzetan, «inoiz baino parte hartze handiagoa izango dute».
Izan ere, 57 taldek parte hartuko dute, 350 herritarrek. Aurreko Herriartekoetan, 24 eta 38 taldek izena eman zuten izena hurrenez-hurren, eta kopuru aldetik goranzko jauzia «nabarmena» izan da.
Eskualdeetan bertso eskolen arteko «saretzea eragingo» duen txapelketa izango da. Gaur egun plazetan kantatzeko aukera gutxi duten bertsolarientzat txapelketa «erakargarria» izango da, eta beraien profila «ahalik eta anitzena» izango da. Gainera, generoaren ikuspegitik, emakume eta genero disidenteen parte hartzea sustatu dutela azpimarratu dute. «Taldekako txapelketen ezaugarria izaten da beti belaunaldi artekotasuna eta aurtengo parte hartzaileei arreta jarrita, nabarmena da hori», adierazi dute.
Bertso komunitate osoa elkartuko du txapelketak: bertsolariak, epaileak, gai jartzaileak, antolatzaileak, bertsozaleak… Horiek denak bat eginda ariko dira saioen antolakuntzan eta oraindik bertsoa iritsi ez den espazioetara iristen saiatuko da txapelketa.
Talde bakoitzak bost partaide izango ditu, gutxienez. Saioetan hiru edo lau bertsolarik abestuko dute, baina taldean kide gehiago ere izan daitezke. Gai jartzaile eta epaile bana ere izango dute taldeek, baita ordezkari bat ere, «bilketa, komunikazio edota antolaketa lanak egiteko».
Faseei dagokionez, lau fasetan banatuko da Herriarteko Txapelketa: lehenengo fasea, bigarren fasea, finalaurrekoak eta finala. Lehenengotik, zortzi talde sailkatuko dira hurrengo fasera, eskualde bakoitzetik bana: «Lehen fasean, ia 40 bertsolari arituko dira lehen aldiz oholtzan, eta hori bezain berri ona da beste horrenbeste lagun arituko dela antolatzen eskualde mailan ekimena».
Bigarren fasea lau saiok osatuko dute, eta zortzi taldeetatik lau sailkatuko dira finalaurrekoetara: «Bi saio jokatuko dira fase horretan, areto handiagoetan».
Zortzi eskualde lehen fasean. Egitura aldetik, lehen fasea izango da bereziena. Martxoaren 28ra bitartean jokatuko dute, eta Gipuzkoako zortzi azpieskualde banatu dituzte faseak jokatzeko: Buruntzaldea, Urola, Urola-kosta, Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, Goierri, Donostia eta Oarso-Bidasoa.
Eskualdeka talde antolatzaileak sortu dira eta elkarren arteko lankidetzan sortu eta antolatuko dira faseak: «Eskualdeka zein motako fasea antolatuko den erabaki dute eskualde mailako antolatzaile eta taldeetako ordezkariek. Bi hilabete eta erdian 100 saio inguru antolatuko dira Gipuzkoak geografia guztian zehar». Saio horiek antolatzeko, talde parte hartzaileek elkarlana egin beharko dute herrietako beste eragileekin, elkarteekin, komertzio nahiz tabernekin, kultur etxeekin, udalekin… Herri eta eskualde bakoitzak bere errealitateari erantzungo dio, eta bakoitzak bere ezaugarri eta errealitate soziolinguistikoari erantzunez antolatu ahalko du fasea.
Finala maiatzean. Finalaren egunak lehen fasearen «esentzia mantendu» nahi du eta bertso-bazkari erraldoi formatuan planteatuko dute. Finala baino gehiago, «bertsolaritzaren festa» izan nahi du egun horrek, elkargunea. Maiatzaren 30ean jokatuko dute finala, Aiako probalekuan.
Azken faseetarako txartelak www.bertsosarrerak.eus atarian ipiniko dituzte salgai martxoan.