Garazi Etxaburu ondarrutarrak 'Alai familian' antzezlanean parte hartuko du
Lasala konpainiaren 'Alai familian' antzezlana urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean estreinatuko da Donostiako Gazteszena antzokian. Garazi Etxaburu ondarrutarra antzezlaneko dantzaria izango da.
Lasala konpainiak Alai familian antzezlana estreinatuko du Donostiako Gazteszena antzokian, urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean, eta antzezlaneko dantzarietako bat izango da Garazi Etxaburu ondarrutarra. Sarrerak salgai daude Donostiakultura webgunean, bost euroren truke.
Umeei zuzendutako antzezlan honetan, sei urteko Alai da protagonista: “Bere amona eta txakurrarekin bizi da. Alairen familia ez da bere lagunena bezalako eta horrek desberdin sentiarazten du, baina gau batean ametsen munduan murgildu eta animalia mordo bat eta haien familia mota ezberdinak ezagutzen ditu”. Lau urtetik gorako umeei zuzendutako antzezlana da, familia mota ezberdinak lantzen dituena.
Judith Argomaniz da Lasala konpainiako zuzendaria eta koreografoa, eta Garazi Etxaburu ondarrutarra konpainiako talde artistikoko parte da. Antzezlan honetako interpretea izateaz gain, obraren sortzailea ere izan da Etxaburu, Judith Argomaniz, Hodei Arrastoa, Miren Lizeaga eta Leire Otamendirekin batera.