Maila handiko boxeoaz gozatzeko aukera egongo da zapatuan Markina-Xemeinen
Guztira hamar konbate ikusteko aukera egongo da, eta horietatik hirutan Basque Warriors gerrikoa lortzeko borrokatuko dute; gerrikoaren bila aterako dira Ibai Arantzamendi eta Carlos Barbosa markina-xemeindarrak.
Boxeoa gero eta ezagunagoa egiten ari den honetan, Markina-Xemeingo Uni frontoian egongo da hurrengo konbateak ikusteko aukera, zapatuan [urtarrilak 24]. Eta ez da, gainera, edonolako boxeo gaua izango: “Goi mailako konbateak ikusteko aukera egongo da, sekulako giroarekin eta sekulako muntaiarekin. Horrez gain, ezusteko eta berritasun asko ere egongo dira”. Hala, hiru konbate neo profesional, sei konbate amateur eta gaztetxoen konbate bat ikusteko aukera egongo da.
Ekitaldia 18:30ean hasiko den arren, ateak 17:30ean zabalduko dituzte. Sarrerak salgai daude Markina-Xemeingo Elkar Sports klubean, eta sarrearik geratuko balitz, egunean bertan lehiatilan erosi ahalko dira; harmailetarako sarrerak 15 euroren truke erosi daitezke, eta aulkietarako, 18 euroren truke. Jakitera eman dutenez, 16:30ean egingo dituzte kirolarien pisaketak, eta soilik kirolariek eta entrenatzaileek edukiko dute sarbidea.
Hala, konbate neo profesionaletan Basque Warriors gerrikoaren bila aterako dira Ibai Arantzamendi eta Carlos Barbosa markina-xemeindarrak. Arantzamendik 86 kiloz azpiko mailan lehiatuko du, eta gaueko azken konbatea izango da. Caleb Recuero leondarrarekin borrokatuko du: “Ibai gogotsu irtengo da borrokatzera, bere hobekuntza eta eskuratu dituen trebetasun guztiak erakusteko asmoz. Caleb Recuerok ez dizkio gauzak erraz ipiniko, boxeolari ausarta eta gaitasun handikoa baita”. Hala, “sekulako konbateak” itxiko du gaua.
Barbosak, ostera, 77 kiloz azpiko mailan borrokatuko du Juan Blanque nafarraren aurka. Markina-xemeindarra “inoiz baino gogo gehiagorekin” dago etxean borrokatzeko, eta dena ematera irtengo da ringera. Hala ere, Blanquek ez dizkio lanak erraz jarriko: “Helburu argi bat dauka Blanquek: Barbosa nokeatzea. Emaitza bikainak lortu dituen borroka askoren ondoren, nafarrak gerrikoa jantziz hasi nahi du urtea”.
Hirugarren Basque Warriors gerrikoa, aldiz, Ander Blancoren eta Yoelvis Jesus Hernandezen artean egongo da. Blancori dagokionez, Arantzamendiren antzera, Bunk3r Boxing Team kluba ordezkatuko du, eta “erritmo askoko” borroka espero dute antolatzaileek: “Ander Blancok beti eskaintzen digu etengabeko borroka, eta beti erritmo askokoak izaten dira. Gainera, dena irabaztetik dator”. Hala ere, Hernandezek ez dizkio gauzak erraz jarriko, izan ere, “kalitatezko borroka asko” egindakoa da.
Maila handiko borrokak. Gaueko azken hiru borroken aurretik, beste zazpi ikusteko aukera egongo da. Paul Urien eta Ruben Bravoren arteko lehiak zabalduko du ekitaldia, 53 kiloz azpiko mailan. Jarraian. Dani Mihai zornotzarraren eta Mohammed Rebroud Markina-Xemeingo Elkar Sports klubeko boxeolariaren arteko lehia ikusi ahalko da: “65 kiloz azpiko mailan ariko dira, eta borroka oldarkorra ikustea espero dugu”.
Jarraian Jeremy Arroiabe eta Alex Bunescu igoko dira ringera, eta arratsaldeko “borroka handienetako bat” izango da: “Bunk3r klubekoa da Arroiabe, eta haren debutean modu erabakigarrian irabazi zuen. Garaipena berrestera eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako boxeolari gazte onenen artean bere lekua sendotzeko asmoz irtengo da borrokatzera. Bunescuk ez dizkio gauzak erraz ipiniko, eta konbate parekatu eta lehiatua izatea espero dugu”.
Euren atzetik Elkar Sportseko Adrianen eta Infernum taldeko Moharen txanda izango da, 67 kiloz azpiko mailan, eta arratsaldeko azken bi konbateak Manex Apeztegia eta Mariusen eta Ernan Dominguezen (Elkar Sports) eta Ibai Duandikoetxearen artekoak izango dira.
Arratsaldeko saioaren ostean 15 minutuko atsedenaldia egingo dute, eta hiru Basque Warrior gerrikoen lehia hasi aurretik, Asier Sanvicentek eta Edu Azkonak zabalduko dute gaua: “Gaueko borroka handietako bat izango da. Asier Sanvicente boxeolari eskarmentatua da, eta beti bezala bere estilo berezia ikusteko gogoz egongo gara, baina, Edu Azkona iruindarrak ez dizkio gauzak erraz jarriko”.
Urtarrilak 24, zapatua.
- 16:30. Pisaketa (baimenduentzat soilik).
- 17:30. Ateen irekiera.
- 18:30. Ekitaldiaren hasiera. Amateurren konbateak:
- Paul Urien VS. Ruben Bravo (-53 kg).
- Dani Mihai VS. Mohammed Rebroud (-65 kg).
- Jeremy Arroiabe VS. Alex Bunescu (-68 kg).
- Adrian VS. Moha (-67 kg).
- Manex Apeztegia VS. Marius (-62 kg).
- Ernan Dominguez VS. Ibai Duandikoetxea (-68 kg).
- Atsedenaldia. 15 minutu.
- Neo profesionalen konbateak:
- Asier Sanvicente VS. Edu Azkona (-60 kg).
- Basque Warriors gerrikoa: Ander Blanco VS. Yoelvis Jesus Hernandez (-66 kg).
- Basque Warriors gerrikoa: Carlos Barbosa VS. Juan Blanque (-77 kg).
- Basque Warriors gerrikoa: Ibai Arantzamendi VS. Caleb Recuero (-86 kg).