Ondarroako Udalak herri batzarra deitu du otsailaren 5erako
Ondarroako Udalak herri batzarra baliatuko du herritarrei 2026ko udal aurrekontuen berri emateko.
Ondarroako Udalak “herritar guztiei zabalik” dagoen herri batzarra deitu du otsailaren 5erako [eguena]. Kofradia Zaharreko bigarren solairuan batuko dira herritarrak, 18:30ean, eta beste zenbait konturen artean, 2026ko udal aurrekontuen berri emango du udalak. “Bilera zabala izango da eta herritarren parte hartzea egotea nahi dugu, iazko martxoan egindako herri batzarrean modura”, adierazi du Urtza Alkorta Arrizabalaga udalerriko alkateak.
Iazko herri batzarraren balorazio “ona” egin ondoren, udalak eskuartean dauzkan proiektuen berri eman nahi die herritarrei. Gainera, otsailaren 5eko batzarra baliatuko du onartu berri diren 2026ko aurrekontuen xehetasunak azaltzeko: “Aurten urtarrilaren 1erako aurrekontuak prest izatea lortu dugu eta horri ere duen balio eman behar diogu, proiektu estrategikoei heltzea ahalbidetuko digulako”. Gainera, aurtengo inbertsioen, aurreproiektuen, proiektuen eta obren berri ere emango du udalak.
Alkortak adierazi duenez, herri batzarra “gardentasun ariketa” gisa identifikatzen dute udal ordezkariek: “Udalak daraman bideorriari jarraipena egiteko aukera da herritarrentzat, eta udalarentzat, zelan ez, herritarrekin harreman zuzena izatekoa. Gardentasun ariketa bat, funtsean. Gauza asko zergatik egiten diren, zergatik ezin diren eta hartutako erabakien zergatiak azaltzeko ere momentu ona izaten da”.
Ondarroako Udaletik herritarren parte hartzearen “beharrezkotasuna” azpimarratu dute: “2025eko martxoan egin zen herri batzarrean ikusi zen herritarrek asko eskertzen dituztela horrelako batzarrak, eta parte ere hartzen dutela, besteak beste, iritziak, kezkak, usteak eta aukerak azalduz”. Izan ere, iazko batzarrean 130 herritar baino gehiago batu ziren, eta aurten ere, “antzerako asistentziak” espero ditu udalak: “Iazko batzarrean hartu zen urte beteren bueltan beste herri batzar bat egiteko konpromisoa; konpromisoa hartu eta hitza bete. Batzarraren azken zatian herritarrek hitza hartzeko aukera izango dute, ohi modura, udal gobernuko kideei galderak egiteko”.