Partida "orekatu eta intentsoak" espero dituzte Beteranoen Trinkete Txapelketako bigarren jardunaldian
Domekan [urtarrilak 25] Rober-Telleria eta Latxi-Madariaga bikoteak kantxaratuko dira.
Lander-Egaña eta Latxi-Madariaga.Akarregi Pilota Elkartea Joan den domekan [urtarrilak 18] eman zieten hasiera Beteranoen Trinketeko Eskuz Binakako XX. Txapelketari Akarregi Pilota Taldearen ekimenez, eta domekan [urtarrilak 25] bigarren jardunaldiari ekingo diote.
Jakitera eman dutenez, partida bakarra jokatuko dute pilotariek: 10:00etan hasiko da Rober-Telleria eta Latxi-Madariaga bikoteen arteko lehia. “Faboritoak Latxi elantxobetarra eta Madariaga forutarra dira, baina Rober bergararrak eta Telleria mallabiarrak esperientzia gehiago dute eta irabazteko aukera dute”. Hala, partida orekatua baina intentsoa ikustea espero dute antolatzaileek.
Lehenengo jardunaldiari dagokionez, ostera, Lander-Egaña eta Latxi-Madariaga bikoteen arteko lehiak eman zion hasiera txapelketari; 30 eta 23 irabazi zuten lehenengoek. Latxi partida dominatzen hasi zen arren (2-11), Egañaren atzeko ziurtasunak eta Landerrek teilatura botatako pilotekin 11-11 berdindu eta aurretik ipintzea lortu zuten (15-11, 22-16, 27-19). Hala, Latxik sakea berreskuratu eta markagailuan aurrera egitea lortu zuten (23-27), baina Egañak eta Landerrek gogor ekin zieten, eta sakez eta dejadaz egindako tantoekin 30-23 amaitu zen partida.
Jarraian master 40ko mailan jokatu zuten Jaunarenak eta Telleriak Apezetxearen eta Etxezarragaren aurka. Lehenengoek 25 eta 17 irabaztea lortu bazuten ere, ez zuten nahi bezalako partida jokatu: “Apezetxea goizuetarrak horma jota min hartu zuen, eta ondorioz, partidua eten egin behar izan genuen, sorbaldan ondorioak izan zituelako”. Hala ere, partida bizia ikusi zuten bertaratu zirenek: “Hasieran galtzaileak hasi ziren agintzen (1-6, 3-8, 8-10). Telleriaren bizitasunagaz aurrean bere jokaldi politak ikusi genituen, eta agintzen hasi ziren moztutako jokaldiak eginez eta abiadura emanez”.

Jaunaren-Telleria eta Apezetxe-Etxezarragaren
Azkenik, master 60 mailako pilotariek jokatu zuten. Jaunarena eta Foster eta Astigarraga eta Beraza kantxaratu ziren, eta 30 eta 17 irabazi zuten Jaunarenak eta Fosterrek. Astigarraga iazko txapeldunak egin zuen sakea, baina ez zuen tantorik egitea lortu; bera da aurtengo txapelketako beteranoena, aurten 72 urte egingo baititu. Hala, hasieran Astigarraga eta Beraza agintzen hasi ziren arren (3-7, 7-13, 9-16), Jaunarena nafarrak agintea hartu eta partida iraultzea lortu zuten.
