Zortzi partida hartuko ditu Goxua Txapelketako bosgarren jardunaldiak
Eguenean [urtarrilak 22] bi partida eta barikuan eta domekan [urtarrilak 23 eta 25] hiruna jokatuko dituzte; zapatuan ez dute partidarik jokatuko.
Goxua Txapelketako bosgarren jardunaldia jokatuko dute asteburuan pilotariek, eta guztira zortzi partida ikusteko aukera egongo da.
Bihar [urtarrilak 22] 20:00etan hasiko dira partidak, eta Iñaki Urbe-Anso eta Rober-Atxurren arteko lehia ikusi ahalko da. Jarraian, Igor Loidi-Haritz Arribillaga eta Lorenzo-Agirregomezkorta kantxaratuko dira. Lau bikoteek orain arte jokatutako partidak galdu dituzten arren, lehiatzeko gogoz irtengo dira kantxara.
Barikuan [urtarrilak 23], aldiz, hiru partida jokatuko dituzte, 20:00etatik aurrera: Txirloi-Urizar eta Kortazar-Ube, Atxurra-Arizmendi eta Larrazabal-Ezpeleta eta Anartz Ibarloza-Oier Urrutia eta Latxi-Mujika.
Zapatuan partidarik egongo ez den arren, domekan [urtarrilak 25] beste hiru partida jokatuko dituzte, 16:30etik aurrera. Uzuriaga eta Pradera eta Aranburu-Aldape bikoteak kantxaratuko dira lehenengo, Xabier Uriarte-Mikel Uriarte eta Mendibe-Goratz, jarraian, eta Gandixa-Adorrixa eta Jokin-Andoni, azkenik.
Laugarren jardunaldia. Guztira zazpi partida jokatu zituzten pilotariek laugarren jardunaldian. 10 tantoen langa gainditzea ez zen erraza izan zenbait pilotarirentzat, izan ere, 18 eta 10 amaitu ziren zazpitik lau partida. Muniozgurenek eta Zugadik euren hirugarren partidua jokatu eta irabazi zuten, 18 eta 10 Uzuriaga eta Pradera mendean hartuta. Aranburuk eta Aldapek, ostera, Roberren eta Atxurren aurka jokatu zuten, eta emaitza berdinagaz irabazi zuten partida, eta baita Legarrak eta Muruagak ere, Kortazarren eta Uberen aurka. Azkenik, 18 eta 10 lortu zuten garaipena Txirloirek eta Urizarrek, Anartz Ibarlozaren eta Oier Urrutiaren aurka.
Alex Arrate eta Ander Arraiza garaipenetik gertuago ibili ziren arren, Zubiriak eta Gomezek 18 eta 15 irabazi zieten. Ager Martinek eta Igor Uriartek ere garaipena lortu zuten Iñaki Urbe eta Anso 18 eta 11 mendean hartuta. Azkenik, Larrea I eta Larrea II nagusi izan ziren kantxan, Varelari eta Unanuei 18 eta 5 irabazita.