Ondarroara bizitzera joan direnei ongi etorria emango die udalak
Ongi etorri ekitaldia zapatuan [urtarrilak 24] ospatuko dute, 11:00etan, Kofradia Zaharrean.
Ondarroako Udalak udalerrira bizitzera joan direnentzako ongi etorri ekitaldia antolatu du zapaturako [urtarrilak 24]. Aurreko urteetan bezala, aurtengoa ere ekitaldi irekia izango da, eta helburua, Ondarroara heldutakoei herria, baliabideak, aisialdi eskaintzak eta zerbitzuak ezagutzera ematea da. “Gure herrian askotariko elkarteak daude: euskara sustatzeko taldeak, kirol taldeak, dantza eta antzerki taldeak, musika taldeak, emakume elkarteak… bakoitzak beretik Ondarroa anitzagoa egiten du, eta horrek, herriaren nortasuna aberasten du, guk gure erakutsiz eta etorri berriek beraiena ere guri irakatsiz”, adierazi du Urtza Alkorta Ondarroako alkateak.
Udal ordezkari eta herriko eragile ezberdinen artean aurkeztuko dute ekitaldia: “Ekitaldi sinboliko honekin, Ondarroara iritsi berriak bizilagun gisa aitortzea da xedea, eta herritar moduan Ondarroako bizitza sozio-kulturalean murgiltzeko ezagutza eta transmisioa egitea, herriaren parte aktibo izateko gonbidapena luzatuz”.
Bide horretatik, herriaren azalpen eta orientabideak emango dituzte udal ordezkariek, eta ondoren, herriko eragileen aurkezpena egingo dute, “haiekin harremana izan dezaten sustatu eta herriko bizitza egituratuan parte hartzeko gonbidapena luzatuz”.
Beraz, herriaren aurkezpen orokorra egin eta ohitura eta bizimoduaren berri eman ondoren, jatorri eta kultur aniztasunean jarriko dute fokua: “Elkar errekonozitzearen eta elkarbizitzaren garrantzian jarriko dugu enfasia. Herriko dinamika eta egunerokoan integratu eta parte hartzeako gonbitea luzatu, herritar aktiboak izatera animatuz”. Ondoren, herriko elkarteen, kultur eskaintzaren eta hauen antolaketaren berri emango dute: “Espazio ezberdinetan parte hartzeko aukera zabalduko dugu”. Saioari amaiera emateko, bertaratutakoek dituzten zalantza eta galderak erantzuteko tartea zabalduko dute: “Garrantzitsua da guretzat espazio eta giro erosoa sortzea, elkarrekin hitz egiteko eta esperientzia eta beharrak partekatzeko”.
Ondarroako Udaletik dei egin die herritarrei ongi etorri saioan parte hartzera, eta batez ere, herriko talde eta eragileak gonbidatu dituzte zapatuko ongi etorri ekitaldira.