Ongietorri ekitaldia egingo dute zapatuan Markina-Xemeinen
2025ean herrira bizitzera joan direnei ongietorria egiteko saioa antolatu du Markina-Xemeingo Udalak. Zenbait eragilek ere parte hartuko dute, eta herritar denei zabaldutako ekitaldia da.
Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak. Markina-Xemeingo Udalak ongietorri ekitaldia antolatu du 2025ean herrira bizitzera joandakoei harrera egiteko asmoz. Saioa zapatuan [urtarrilak 24] izango da, 12:00etan, udaletxeko osoko bilkura aretoan, eta interesa duen edonorentzat irekita egongo da.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, ekitaldiaren helburua herrira iritsi berri direnei Markina-Xemeinen inguruko oinarrizko informazioa eskaintzea da. Horretarako, herriaren kokapena eta ezaugarri nagusiak azalduko dizkiete, eta arreta berezia jarriko diote hizkuntzari ere. Hala, besteak beste, euskararen erabileraren inguruko datuak emango dituzte, bai eta eragile nahiz instituzioek hizkuntza mantentzeko egiten duten ahalegina azaldu ere.
Argazkien bidez herriko gune garrantzitsuenak aurkeztuko dituzte, eta bakoitzean zer egiten den azalduko dute. Era berean, zerbitzu nagusiak ere aurkeztuko dituzte: “Udaletxea, osasun etxea, liburutegia, mankomunitatea eta beste zenbait zerbitzu aurkeztuko dizkiegu, eta horretarako, eragileetako batzuk etorriko dira. Esaterako, ikastetxeetakoak egongo dira euren zerbitzua azaltzen, eta Leire Markuerkiaga Lea-Artibai Mankomunitateko lehendakaria ere egongo da”.
Saioa osatzeko, lehendik Markina-Xemeinera bizitzera joandako herritarrek ere, ongietorria emango diete herrira heldu berri direnei: “Markina-Xemeinera etorritako zenbait herritarrek urteak daramatzate hemen, eta euren esperientziaren inguruan hitz egingo dute; euren bizipen pertsonalak kontatuko dituzte herriarekin lotuta”.
Era berean, etorri berriek ere hartuko dute hitza: “Nondik etorri diren azalduko dute, eta zein hizkuntzarekin; bakoitzaren hizkuntzari daukan balioa eman nahi diogu. Horrekin batera, asmoa da eurek kontatzea herrira heldu direnean zer aurkitu duten, eta baita aurrera begirako espektatibak eta helburuak elkarbanatzea ere”. Amaitzeko, zalantza eta galderetarako tartea zabalduko dute, eta luntxa egongo da sarreran.
Udalak azaldu duenez, 2025ean 200 pertsona baino gehiago erroldatu ziren Markina-Xemeinen, eta horietatik erdia, beste herrialde batzuetatik Markina-Xemeinera joandakoak dira; beste erdia, ostera, Espainiar Estatuko hainbat tokitatik Markina-Xemeinera bizitzera joandakoak dira: “Ikusten dugu bai Markina-Xemeinen eta baita beste herri batzuetan ere, fluxu hori handietzen doala eta ez daukala geldialdirik. Horregatik, oso garrantzitsua da eurek dakartena eta guk daukaguna elkarbanatzea”.
Ildo horretan, harrera-prozesu egonkorrago bat landu dute, eta 2026tik aurrera harrera saioak maizago egitea aurreikusten dute: “Aurten ipini nahi dugu martxan, eta 2-3 hilabetetik behin herrira etortzen direnei harrera egitea da asmoa. Helburua etortzen diren denei herriaren inguruko informazio bera ematea da, herria, ohiturak, baliabideak, aukerak nahiz betebehar eta eskubideak ezagutzeko. Aldi berean, zubilan bat egin nahi dugu eurekin harreman zuzena edukitzeko”.