Ongietorri ekitaldia egingo dute zapatuan Markina-Xemeinen
2025ean herrira bizitzera joan direnei ongietorria egiteko saioa antolatu du Markina-Xemeingo Udalak. Zenbait eragilek ere parte hartuko dute, eta herritar denei zabaldutako ekitaldia da.
Markina-Xemeingo Udalak ongietorri ekitaldia antolatu du 2025ean herrira bizitzera joandakoei harrera egiteko asmoz. Saioa zapatuan [urtarrilak 24] izango da, 12:00etan, udaletxeko osoko bilkura aretoan, eta interesa duen edonorentzat irekita egongo da.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, alde batetik, herrira iritsi berri direnei Markina-Xemeinen inguruko oinarrizko informazioa eta ezaugarriak azalduko zaizkie era laburrean, eta aipamen berezia egingo zaio hizkuntzari: “Horrela, nork bere hizkuntza galdu barik, etorri berri diren lekuan dagoen hizkuntzara, euskarara, hurbiltzearen garrantzia azpimarratuko zaie”. Hala, besteak beste, euskararen erabileraren inguruko datuak emango dituzte, bai eta eragile nahiz instituzioek hizkuntza mantentzeko egiten duten ahalegina azaldu ere.
Bestetik, herrian “baliagarriak” izango zaizkien zerbitzu eta gune garrantzitsu batzuen berri ere jasoko dute hainbat eragileren eskutik: AEK, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Lea-Artibai Mankomunitatea, ikastetxeak, guraso elkartea eta Uhagon.
Saioa osatzeko, lehendik Markina-Xemeinera bizitzera joandako herritarrek ere, ongietorria emango diete herrira heldu berri direnei: “Markina-Xemeinera etorritako zenbait herritarrek urteak daramatzate hemen, eta euren esperientziaren inguruan hitz egingo die 2025ean etorritakoei“.
Era berean, etorri berriek ere hartuko dute hitza: “Nondik etorri diren azalduko dute, eta zein hizkuntzarekin datozen. Horrekin batera, asmoa da eurek kontatzea herrira heldu direnean zer aurkitu duten, laguntzarik izan duten eta baita aurrera begira zer lortzea nahiko luketen Markina-Xemeinen”. Amaitzeko, zalantza eta galderetarako tartea zabalduko dute, eta luntxa egongo da sarreran.
Udalak azaldu duenez, 2025ean 200 pertsona baino gehiago erroldatu ziren Markina-Xemeinen, eta horietatik erdia, beste herrialde batzuetatik Markina-Xemeinera joandakoak dira; beste erdia, ostera, Espainiar Estatuko hainbat tokitatik Markina-Xemeinera bizitzera joandakoak dira: “Ikusten dugu bai Markina-Xemeinen eta baita beste herri batzuetan ere, fluxu hori handietzen doala eta ez daukala geldialdirik. Horregatik, oso garrantzitsua da herri bereko herritarrak garen heinean, elkarrengana hurbildu eta elkarren berri izatea”.
Ildo horretan, harrera-prozesu egonkorrago bat landu dute, eta 2026tik aurrera harrera saioak maizago egitea aurreikusten dute: “Aurten ipini nahi dugu martxan, eta 2-3 hilabetetik behin herrira etortzen direnei harrera egitea da asmoa. Helburua etortzen diren denei herriaren inguruko informazio bera ematea da, herria, ohiturak, baliabideak, aukerak nahiz betebehar eta eskubideak ezagutzeko. Zubi lan horretan lehenago herrira etorri ziren hainbat komunitatetako herritarren laguntza izango dugu”.