San Bizente jaietarako prest daude Munitibarren eta Aulestin
San Bizente jaiak ospatuko dituzte Munitibarren eta Aulestiko Narea auzoan. Munitibarren, bihar [barikua] hasiko dira jaiak, eta askotariko ekintzak egongo dira bi asteburutan. Narean, berriz, etzi [zapatua] ospatuko dituzte San Bizenteak, egun guztiko egitarauagaz.
Lea-Artibai eskualdea prest dago San Bizente jaiak ospatzeko. Aurten ere, urtero legez, Munitibarrek eta Aulestiko Narea auzoak egitarau “borobilak” prestatu dituzte herritarrak elkartzeko. Munitibarren, bi asteburutan banatuko dituzte ospakizunak, eta Narean, aldiz, egun bakarreko jaiagaz borobilduko dituzte San Bizenteak.
Munitibarren bihar [barikua] emango diote hasiera ofiziala jaiei, pregoia eta txupinazoa bota ostean. Ondoren, Diskofesta izango dute karpan, DJ Koetek girotuta, eta 20:30ean, zesta punta zaleek “hitzordu garrantzitsua” izango dute; izan ere, Winter Series Desafioa jokatuko da udal pilotalekuan. Bi partida ikusteko aukera egongo da: Barandika eta Del Rio Goxerri eta Zabalaren aurka lehenengo; eta ondoren, Urreisti eta Lekerika,, Erkiaga eta Undaren aurka. Sarrerak 15 euroren truke egongo dira salgai leihatilan edo eraman jaialako webgunean.
Etzi [zapatua] kultur ekintzak izango dira protagonista Munitibarren. Izan ere, Orain Bi Zirko Teatroak Bi mute ikuskizuna eskainiko du 18:00etan.
Datorren asteburuan ere San Bizente jaiak “goi-goitik” ospatzen jarraituko dute munitibartarrek. Barikuan [urtarrilak 30] pilota partidak egongo dira frontoian, 18:00etan, eta zapatuan [urtarrilak 31], musika izango da protagonista. 22:00etatik aurrera No limits, Txoriburu eta Malko taldeek beteko dute karpa. Hurrengo egunean [otsailak 1] emango diote amaiera jaiei, herritarrak batuko dituen pintxo-janean.
Narea auzoan, etzi. Aulestiko Narea auzoan etzirako prestatu dituzte San Bizente jaiak. Ohikoa den bezala, tradizioei tiraka, auzoko ermitan egingo den mezagaz emango diote hasiera egunari, 12:00etan. Ostean, umeen txanda izango da, eta hauentzako jolasak egongo dira auzoan. 13:00etan, Ibekohondon bi urte eta erdiko Pipa zaldiaren eta Aulestiko gazteen arteko dema egongo da. 17:00etan, berriz, helduagoen txanda izango da, eta mus txapelketan batuko dira mahaiaren bueltan. Irabazleak 200 euro eta txapela eskuratuko ditu, bigarrenak 120 euro, eta hirugarrenak, berriz, 90 euro. Antolatzaileek zehaztu dutenez goizean trikitilariak ibiliko dira auzoa alaitzen, alde batetik bestera.